ELAk Udal Artxiboaren ataleko burua babestu du, eta alkatea kritikatu
Udal Artxiboa, Egiako Blas de Otero plazan. (Argazkia: Aitor Odriozola Zubillaga) Aste honetan plazaratu zuen Udal Artxiboaren ataleko buruak artxiboa “arriskuan” zegoela. Besteak beste, eraikinak 2021etik suak itzaltzeko sistemarik ez duela salatu zuen, eta horrek hezetasun arazoak ekarri dituela gordetegietan; horren aurrean agintari politikoen inplikazio eza kritikatu zuen. Ondare dokumentala digitalki ez zaintzea ere leporatu zion arduradunak udal gobernuari.
Eneko Goia alkateak, bere aldetik, prentsaurreko batean adierazi zuen ez dela egia eraikinak suak itzaltzeko sistemarik ez edukitzea: “Sistema berri bat jarri zen, eta horrek arazoak eman zituen. Suteak detektatzeko sistemak beti funtzionatu du, eta egungo egoera da suterik gertatuz gero eskuz erantzun beharko litzatekeela, orain arte egin den bezala”. Gainera, ataleko buruaren jarrera kritikatu zuen, “fede txarrez” aritu delakoan.
Egoera horren aurrean, ELA sindikatuak ohar bat kaleratu du ataleko buruari babesa emateko: “Ataleko burua beti egon da kezkatuta eta elkarlanerako prest”. Sindikatuak dioenez, 2021eko irailean izandako ezbeharrean langile bat “bizitza galtzeko zorian” egon zen, eta kritikatu du horren ondoren ez zela udaleko inork joan artxibora. Era berean, ELAk ohartarazi du ataleko buruak gaia publiko egin aurretik hainbatetan adierazi izan diela nagusiei Udal Artxiboa “abandonatuta” dutela. Horrek “langile horren jarrera ona, kezka, interesa eta fede ona da” adierazten du, sindikatuaren hitzetan.


