Astelehenean hasiko da Feministaldia, aste osoko egitarauarekin
Kultura feministaren jaialdia antolatu dute beste behin ere Donostian, eta askotariko jarduerez gozatu ahalko da astelehenetik larunbatera.
Raquel Kolomaren eskutik egingo dute Feministaldiko ‘dancehall’ ikastaroa. (Argazkia: Feministaldia) Hemezortzigarrenez antolatu dute Feministaldia kultura feministaren jaialdia Donostian, eta jarduera ugari egingo dituzte Bidebietako Kontadores zentroan, Tabakaleran eta Dabadaban.
Kontadoresek hartuko ditu lehenengo hiru egunetako jarduerak. Astelehenean, dancehall ikastaroa egingo dute 16:00etan, eta Afrocolectiva taldeak Una guerrilla de comunicación afrofeminista hitzaldia eskainiko du 18:00etan. Asteartean, 18:00etan, Greba bat matxinada bat da hitzaldia eskainiko dute Lore Lujanbiok, Etxekotu gabeko emakume langileak taldeak, Elene Lopetegik eta Tania Sirianyk. Azkenik, asteazkenean, Grekas kokteleria performanceaz gozatu ahalko da, 20:30ean.
Asteazkenean bertan hasiko dira Tabakalerako jarduerak, Marta Echavesek eta Kha Villanuevak 18:00etan emango duten Bellezaviolencia hitzaldiarekin; Mirari Etxabarrik egingo ditu aurkezle lanak. Ondoren, 20:00etan, Zigarroak ematen dizkidate. Mikrofonoak ematen dizkidate. Bero handia ematen didate performancea egingo du Ane Berganzak.
Ostegunean, greba feminista orokorra izanik, ez da jarduerarik egongo, eta ostiralean itzuliko da Feministaldia. Hain zuzen ere, Femenino Duro Maravilla hitzaldia eskainiko du Maria Salgadok 18:00etan, eta Aizkoren anatomiaz eta hizkuntza ideologiez hitzaldia Miren Artetxek 19:00etan. Bi errezitaldi egongo dira jarraian: Ghuou Ghuou (Luz Pichel) 20:00etan eta Ni ez naiz ausarta (Mari Luz Esteban) 20:30ean. Ixteko, 21:00etan, mahai ingurua egingo dute.
Larunbatean bukatuko da jaialdia, askotariko gaiei buruzko agerraldi laburrekin. 16:00etan egingo dute aurkezpena Miren Jone Lizarzaburuk eta Idoia Zabaletak eta 15-30 minutuko agerraldi hauek egongo dira jarraian: Sexu langileei eginiko biolentzia instituzional, sozial eta arrazagatikoak (Linda Porn), Saiheska dagoen gorputza (Aimar Arriola), Cangrejo Pro-ren manifestua: emakume-gazte-txinatarrak Espainian (Cangrejo Pro), Hemen gaude eta ez gara ezkutatzen (Julen Zabala), Ñoñosti transfeminismotik irauli nahian (Ana Txurruka), Emozioen boterea (Afrodelicius), Donostiako Infernua (Maider Arregi), Posta-hiriko lerroarteak (Fatima Fernandez), La Kher de la Mary (Amuge euskal emakume ijitoen elkartea), Ama gerriya-k (Maite Garbayo-Maeztu), Ukabila eta plazak: gorputz-irudiak, matxinadak eta masak (Pablo Martinez), Hitzean borroka/hitzarekin borrokan (Cristina Zhang), Hitzen mundua keinuekin desegitea (Sonia Fernandez Pan), Identitate migratzaileak ballroom barruan (Anouar Merabet Nefertiti Anunnaki), Estigmak hiltzen du (Azkura DJ-a eta Linda Porn) eta FASHION Killing the street (Anouar Merabet Nefertiti Anunnaki). Horrez gain, arratsalde osoan zehar, Koadro showroom kolektiboa egongo da han bertan, Iñi Etxezarreta Tocarekin.
Jaialdia behar bezala bukatzeko, Bataya-pista itxiera festa hasiko da gauerdian Dabadaban, Landa DJ Set, Playlist Sonia Fernandez Pan, Sofy Suars eta Puñales artistekin.

