Hamabost urte kantuz oroitzen
Euskarak eman duen kantugile handienetakoa dugu Mikel Laboa. Belaunaldiz belaunaldi bere ahotsa eredu bihurtu da. Bere heriotzatik hamabost urte pasa direnean, beraren inguruan horren ezagunak ez direnak jaso ditugu.

Abenduaren lehena, 2008a, Gasteizko Letren fakultateko kafetegia. Tabernariak lankideari: «Oye, que se ha muerto Mikel Laboa», «¿Y ése quién es?», gaztelera garbian. Tabernariek ez dute zertan dena jakin, ezta ere unibertsitatean, noski, falta zena, baina zer pentsatua eman zidan gertaerak. Euskaldunontzat ezinbesteko ahotsa dena horren ezezaguna izatea gure bizikide erdaldunentzat.
Hamabost urteotan, ordea, pentsatu dut geure bizikide euskaldunek, are Laboaren kantak ezagutzen dituztenek ere, akaso ez dutela behar beste ezagutzen sekulabelardiko kantaria.
Adibidez, kantu ikoniko askoren egilea den arren, askok ez dakite Mikel Laboak ez zuela letra bakar bat ere idatzi bere ibilbide osoan zehar. Letrei garrantzi handia ematen zien, eta horrexegatik, ondo aukeratzen zituen zeinen poemak eraman kantura.
Hiru ildo izan zituen letragintzan: herrikoiak, itzulpenak eta poemen moldaketak. Itzulpenen ildoan, Bertolt Brechten lau poemak dira ezagunenak —1966an argitaratu zituen, Joxe Angel Irigarairen itzulpenekin, Munduaren Esker Ona, Gaberako Aterbea, Denak Ala Iñor Ez eta Lillurarik Ez—.
Txoria txori, edo oiloa oilo
Joxean Artzek idatzitako Txoria Txori da, zalantza gutxirekin, Laboaren kanta ezagunena. Jakina da Aurrera tabernako mahai-zapi batean idatzi zuela Artzek poema, eta Laboak etxera eraman. Bakeari buruzko poematzat hartu izan den arren, atzetik badu bere istorioa. Itxuraz, Artze Usurbil inguruan, mendi buelta bat egiten ari zela, oilategi baten ondotik pasa eta harriduraz ikusi zuen eszena: hainbat oilori zauriak egin zizkieten hegoetan, ihes egin ez zezaten. Horra hor, Txoria Txori-ren jatorri ezezaguna: «Ez zuen alde egingo, nirea izango zen».
Artzeren beste poema ezagunak dira Gure bazterrak, Ama hil zait, Gogo eta gorputzaren zilbor hesteak eta Martxa baten lehen notak. Istorio bitxia du azken kanta honek baita ere. 1977 urtean, Franco hil ondoren, lehen hauteskundeak izango zirela eta, kalean era askotako martxak entzuten ziren. Laboak Internazionala gogoko zuen, «baina ez zuen jasotzen, gure herriaren antzera, bizirik irauteko borrokan ari diren herri txikien arazoa». Martxa bat egin behar zela eta, ohar batzuk pasatu zizkion Artzeri, «gizakien eta herrien arteko elkartasunaren ideiaren aldekoa, herri eta gizaki bakoitzari dagokion begiramena eta ezagutzatik abiatuta». Ideia horiek gogoan idatzi zuten biek kanta eder hura.
Laboaren kantuen letren beste egileak dira, besteak beste, Xabier Lete (Negu Hurbilak, Izarren Hautsa…), Bernardo Atxaga (Antzinako Bihotz, Gure Hitzak…), Joseba Sarrionandia (Sorterriko koblak, Gure oroitzapenak…) eta Gabriel Aresti (Apur dezagun katea, Egun da Santi Mamiña…).
Hiru ildo
Laboa ulertzeko bere hiru ildoak ezagutzea ezinbestekoa da: herrikoi ildoa, euskal kantugintza berria eta esperimentalismoa. Artisten biografietan fase gisa aipatzen diren arren, Laboaren kantagintzan, hirurak estuki lotuak ageri dira diskografia osoan. Kanta herrikoiak berreskuratu zituzten Laboak eta Ez Dok Amairukoek, Artze anaiek txalaparta berreskuratu zuten moduan. Ez ordea, polemikarik gabe. Ezaguna da Etxahun Iruri zuberotar kantariak esandakoa: «Ondo abesten du, baina kanta horiek bizirik ehortziak dira». Elbira Zipitria andereñoak ere, antza, Ez Dok Amairukoen kantaldi batetik kanporatu zituen ikasleak, hori egokia ez zelakoan.
Tradizioa eta kantagintza berria uztartzetik etorri zen, hain zuzen, Ez Dok Amairuren arrakasta.
Baina ez hori soilik. Honelako arrakasta komertziala izan zuen taldeak esperimentazioari bide eman izana, bitxia da gaur egundik begiratuta; eta Laboaren Lekeitioak dira horren erakusle. Haurra zela Lekeition entzundako bonbardaketen eta oihuetatik abiatuta eraiki zituen Laboak Lekeitioak, orru eta marruz osaturiko piezak.
Gakoa da Laboa ulertzeko bere alderdi esperimental hau. Ez Dok Amairuren banaketaren bihotzean egon zelako, modu batean edo bestean, eztabaida hau.
Sekula argitara atera gabeko «arrazoi politiko» batzuen harira banandu omen zen taldea, beste bi proiektutan: Zazpiribai zen bata (Lete, Irigarai, Benito Lertxundi eta Lourdes Iriondok sortua), eta, bestea, Ikimilikiliklik bidekidekaria (Artze anaiek, Jose Mari Zabalak, Zumetak eta Laboak sortua). Abertzaletasuna zabaltzeko tresna izan nahi zuen batak; esperimentalismoa eta abangoardia lantzekoa besteak. Lehenengoak prest ziren edukiak moldatu eta belarriak goxatzeko, jende gehiagorengana iristeko asmoz. Bigarrenek, ordea, beste sakontasun bat eskatzen zioten euren lanari, ondorioei horrenbeste erreparatu gabe.
Gutxi eta gaizki azaldu dira banaketa hauen zergatiak, baina, hain justu, hemen azaldu ditzakegu hasieran aipatutako ezjakintasun hainbat. Izan ere, ordutik hainbat aje eraman ditu bizkarrean euskal kulturak, jende gehiagorengana iristeko ahaleginetan, urgentea eta garrantzitsua konfundituz. Horregatik, akaso, ez ditugu, oraindik ere, Laboaren lan guztiak eskuragarri, ez sarean, ez fisikoan. Bere eskubideen jabeek bertso txikietan jarraitzen dutelako, akaso.
Gutxienez, baditugu kantak. Eta segiko ditugu maisuaren esanak: «Kantuz oroi nezate hiltzen naizenian».