Euskarazko ahotsak grabatzen hasi dira
Euskararen Eguna izango da bihar (hilak 3), eta, horren harira, Donostiako Udalak teknologia euskalduntzea helburu duen kanpaina abiatu du, Jar dezagun teknologia euskaldunon alde lelopean. Kanpainaren barruan, herritarrei hiru urrats egiteko eskatzen ari dira: telefono mugikorra euskaraz konfiguratzea, nabigatzaileak euskaraz konfiguratzea eta ahotsak euskaraz grabatzea, datu base handi batean sartzeko.
Hain zuzen ere, horretarako karpa bat ireki dute eguerdian Bulebarrean, non nahi duen orok bere ahotsa grabatu ahalko duen, gaur 20:00ak arte eta bihar 11:00etatik 19:00etara. Besteak beste, Eneko Goia alkatea, Marisol Garmendia PSE-EEren udal bozeramailea eta Juan Karlos Izagirre eta Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak egon dira irekiera ekitaldian, eta beraiek izan dira euren ahotsak grabatzen lehenak. Era berean, herritarrak euren ahotsak grabatzera animatu dituzte. Bulebarrean ez ezik, hiriko hainbat auzotan ere ahotsak grabatzeko aukera egongo da egunotan, eta hemen kontsultatu dezakezue auzoz auzoko informazioa.
Grabazioak Gaitu.eus webgunean gordeko dituzte, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak abiatutako Gaitu kanpainaren harira kanpainaren harira sortutako webgunean. Eremu digitalean euskararen presentzia handitzea du helburu kanpaina horrek.