Joan Mari Irigoien izan dute gogoan
Maiatzean zendu zen Joan Mari Irigoien Altzako idazle maitatua, eta gaurkoan omendu dute Altzan bertan, Euskararen Egunaren bueltan, Bizarrain euskara elkarteak antolatuta.
Hain zuzen ere, Babilonia (Elkar, 1989) bere eleberri ezagunenaren irakurketa publikoa egin dute goizean Altzako udaletxe zaharrean, eta pertsona ugarik hartu dute parte: Jon Insausti Euskara zinegotziak, Juan Karlos Izagirre EH Bilduren udal bozeramaileak, Miren Agur Meabe eta Harkaitz Cano idazleek, Altzako hainbat eragiletako ordezkariek eta Irigoienen hainbat senidek, besteak beste.
Amaitzean, 13:00ak aldera, ekitaldi batekin itxi dute omenaldia. Irigoienek asko maite zituen zuhaitzak, eta, horregatik, Nao Etxea eta Txapinene kaleen arteko jaitsierako belardi txiki batean bi landatu dituzte, baina azpian idazlearen omenezko plaka bat jarri ere. Han bertan eta euri jasaren azpian eutsiz, Karlos Ibarzabal Herri Ametsa Ikastolako zuzendari eta Irigoienen ikasle ohiak, Harkaitz Cano idazleak eta Roman Irigoien anaiak hartu dute hitza, Altzako idazlearekin bizitakoez, bere bertuteez, zaletasunez eta bestelakoez hitz egiteko. Imanol Irigoienek bere anaiaren poema bat irakurri du jarraian, eta Maialen Lujanbiok Irigoienen omenez botatako bertso batzuk bozgorailuetatik entzuten amaitu dute.
Joan Mari Irigoien oso pertsona maitatua zen Euskal Herri osoan, baina bereziki bere Altza maitean, eta Altzakoen memorian iltzatuta geldituko da betirako. Jarraian, omenaldiko laburpen bideoa eta zenbait argazki ikus ditzakezue: