Igogailu batek Heriz pasealekua eta Erregezaintza kalea lotuko ditu
Tokiko Gobernu Batzordeak astearte honetan onartu du igogailu bat eraikitzea Erregezaintza kalea eta Heriz pasealekua lotzeko, Antiguan. Proiektuak 1.204.283 euroko aurrekontua izango du, eta zortzi hilabetetan burutu beharko da. Lanak maiatza aldera hastea espero da.
Eneko Goia alkateak onartu duenez, “oso esperotako” esku hartzea da, proiektua “aspalditik” baitago mahai gainean —2019an onartu zen proiektua—, baina onartu du kudeaketa ez dela “batere erraza” izan. Arazoak bereziki lursailaren kudeaketan izan dituztela aipatu du: “Pribatuak ziren lur batzuk eskuratu behar ziren, eta horiek lortzea ez da erraza izan”. Era berean, orain onartutako proiektua “prezio berrietara berregokitu” behar izan dutela ere adierazi du.
Antigua behaldea eta Seminarioa lotzeko asmoa
Igogailu hau Antiguako behealdea eta Seminario ingurua lotuko dituen lau igogailuetan lehena izango da, “lehena eta luzeena”, alkatearen hitzetan —hamabost metro inguruko igogailua izango da, behean aldapa sistema batekin eta goian 30 metro inguruko pasabidearekin—.
Behin hori bukatuta, alkateak iragarri du hurrengo igogailua laugarrena izatea aurreikusten dutela, eta azkenerako utziko dituztela azken biak, “txikiagoak” izango direnak.