Kopan beste urrats bat egiteko ordua da
Buñolen eta Realaren arteko partidako une bat. Reala Hemen da Espainiako Kopako bigarren kanporaketa Realarentzat: 16:00etan jokatuko du, Andratx talde balearraren etxean. Espainiako Bigarren Federazio Mailako taldea da Andratx, eta, beraz, partida erosoa izan beharko luke txuri-urdinentzat, baina hobe dute ez fidatzea, realzaleek ondo gogoratzen baitituzte kategoria baxuetako talde baten baino gehiagoren aurka kopan duela ez horrenbeste izandako porrot mingarriak.
Andratxek belar artifizialeko zelai txiki batean jokatzen du, eta denboraldi honetan ez du partida bakar bat ere galdu bertan. Kopako lehenengo kanporaketan, Buñolen aurkakoan, belar artifizialeko zelai batean jokatu zuen Realak baita ere, eta zailtasun batzuk izan zituen bere jokoa egiteko. Hala ere, Imanol Alguacil entrenatzaileak argi esan du ez dagoela ez irabazteko “aitzakiarik”.
Kopan ohikoa den moduan, aldaketak aurreikusten dira hamaikakoan, eta, gainera, hainbat baja ditu Alguacilek: Oiartzabal, Barrenetxea, Carlos Fernandez eta Cho baja dira, hain zuzen ere. Horregatik, Fiabema eta Dadie harrobiko jokalariak sartu ditu deialdian entrenatzaileak, eta aurreikusi daiteke Dadiek gutxienez minutu batzuk jokatuko dituela, Buñolen aurka jokatu baitzuen.


