«Ederra litzateke pare bat lagunek berriz ere Ostotsa irekitzea»
«Bihar itxiko dute Ostotsa». Mezu hau zabaldu zen Egiako bizilagunen artean urriaren 20ean. Egiako taberna historikoaren 38 urteko ibilbideari agur esanez. Egindakoaz harro eta auzoari eskerrak emanez agurtu dira Patxi Ibañez (Egia, 1963) eta Jose Mari Alduntzin (Egia, 1963).
Patxi ibañez eta Jose Mari Alduntzin, Ostotsa tabernako arduradunak. (Argazkia: Xalba Ramirez Cruz) Jende askok harridura handiz hartu du berria. Nolatan itxi duzue Ostotsa?
Patxi Ibañez (P.I.): Osasun arazoengatik, argi eta garbi. Jose Marik bi belaunak operatu behar ditu, protesiak jarri behar ditu, izorratuta dabil eta. Eta nik iaz iktus bat izan nuen eta larri-larri nenbilen. Jose Marik gehiago ezin zuela-eta, uztea erabaki nuen nik ere.
Egun batetik bestera izan da.
Jose Mari Alduntzin (J.A.): Aspalditik nenbilen gaizki ni, eta gero eta okerrago. Itxi aurreko igandean, igeri egitetik nentorrela, izugarrizko mina sentitu nuen. Astelehenean, lana egin nuen, baina Patxiri esan nion oso gutxi geratzen zitzaidala, eta berak erantzun zidan nik jarraitzen ez banuen ez zuela jarraituko. Larrialditara igo nintzen ostegunean, eta zerbait kronikoa zela esan zidatenez —Artrosisarekin daramat zortzi urtez—, ezin zela askorik egin. Hor hartu genuen erabakia, baina ez genion inori kontatu. Ostiralean jendeari komentatu genion, eta mezua izugarri zabaldu zen.
P.I.: Larunbatean ezer berezirik egin gabe itxi nahi genuen. Nik ireki nuen, eta Jose Mariri deitu nion: «Zatoz ona, hau erokeri bat da eta». Jende pila-pila bat etorri zen, ez genuen batere espero. Arratsaldean barra ireki bat egin genuen, itxi arte, eta oso hunkigarria izan zen. 38 urte ez dira alferrik pasatzen!
38 urte daramazue elkarrekin?
P.I.: Bai, jauna. 1985ean ireki genuen, biok elkarrekin. Torlojuen tailer zahar bat zen hau, gerora zapata denda baten lokala bilakatu zena. Lokala alokatu genuen, 7.000 pezeta hilean, eta taberna bion artean eraiki genuen, lurra jaitsiz, bigarren solairua igoz… Kristoren lana. 1985eko irailean ireki genuen, eta gaur arte, biok elkarrekin.
Denbora asko da.
P.I.: Ba, pentsa. Neska laguna ez izatetik, ezkontzera, seme-alabak izatera, pisua erostera… bizitza puta osoa tabernan lanean; bizitza eta taberna bat izan dira.
Baina hasieran ez zenuten taberna bat irekitzeko asmorik.
J.A.: Bizikletetan zentratutako kirol denda bat irekitzea zen gure asmoa. Lokala hartu eta lanean ari ginela, kirol denda bat ireki zuten Daniel tabernaren parean. Eta guk, aurrera. Irekitzear ginela, San Kristobal kalean Deportes Mendiola ireki behar zutela enteratu ginen. Orduan proposatu zuen Patxik taberna bat sortzea.
Eta damutu al zarete inoiz?
J.A.: Ez, damutu ez. Baina nekatuta bukatu dugula ezin uka. Momentu on eta txar asko egon dira hemen.
P.I.: Gaztetan, dena zetorkigun ondo. Izugarrizko festa egin, 06:00etan taberna itxi, eta biharamunean berriz ere lanera. Ez zitzaigun axola. Gero, familiarekin, eta adinarekin zailagoa bihurtu da dena.
Nolakoa zen auzoko giroa?
J.A.: Giro handia zegoen auzoan. Ordurako Porrontxoak jada bazeuden, eta urte batzuetan Madalenak ere. Gu auzokoak ginen eta auzoko kuadrilla genuen, noski, eta gainontzekoekin harreman izugarria genuen. Asteburuan akaso kanpora ateratzen ginen, baina astean zehar auzoa, auzoa eta auzoa.
Politikoki ere bestelakoa zen auzoa, ezta?
P.I.: Denetarik ikusi dugu hemen! Poliziarekin istiluak zeuden bakoitzean sukaldean eta barran hainbeste jende sartzen zen «lanera», honek Arzak zirudiela! [barrez.
J.A.: Pertsiana kolpatzen zuten Grisek, eta guk esaten genien hemen ez zegoela inor. Eta almazena eta ganbara jendez beteta!
Anekdota mordoa, beraz.
J.A.: Pentsa! Adibidez, Mambruk hemendik egin zuen ihes [Juan Carlos Artola preso ohiak Mexikora egin zuen ihes eta 2003an atxilotu zuten]. Asunekin zegoen hemen afaltzen, eta norbait sartu zen esanez Guardia Zibila bere bila zebilela. Ziztu bizian atera ziren afaria ordaindu gabe. Guk afariko kontua gorde genuen urte luzez, eta auzora itzuli zenean, zorrak zituela esan genion!
Asko aldatu al da 40 urteotan auzoa?
J.A.: Belaunaldi kontua da: guk 16-18 urte genituela, kalean eta poteoan asko ibiltzen ginen. Egun beste ohitura batzuk daude. Taberna estiloak aldatu dira.
P.I.: Pentsa, musikaren eboluzio osoa bizi dugu. Musikarik ez jartzetik, disko-jogailu txiki bat izatera —jaietan beti erretzen zena—, CDak, kontzertuak DVDan, ordenagailua…
Dantzarako lekua ere izan delako.
P.I.: Pandemia arte ostiral eta larunbatetan hemen beti zegoen festa. 1980ko hamarkadako musika, gin-tonicak, lepo hitz egitea eta dantzak baita ere, noski! Jendea etortzen zen, berokiak hor behean bota, eta goizeko seiak arte dantzan.
Lehen beste ohitura batzuk zeudela diozue.
P.I.: Langileak bazkaltzera etortzen ziren egunero, baina enpresak ordaintzen zuelako! Guk etxean bazkaldu dugu bizitza puta osoan, eta afaltzeko, ogitartekoak.
J.A.: Aldaketak nabarmenak dira. Adibidez, guk ez dugu ia ezer bidaiatu, eta egun, jendeak, asko.
Bidaiatzeaz ari zaretela… Kata tabernan maskara mordoa dago. Zuek ere bazenituzten hainbat.
J.A.: Patxi hasi zen. Eztei bidaian Italiara joan zen, eta Veneziako bi maskara ekarri zituen, 1990ean. Hortik aurrera, jendea ekartzen hasi zen: Mexiko, Indonesia, Kenya, Guatemala, Tunez, Egipto… Eta denak jartzen genituen, lekurik gabe geratu ginen arte!
Zerekin geratzen zarete?
J.A.: Jendearen tratuarekin. Azken eguna izugarria izan zen, ikustea benetan baietz, garrantzitsuak ginela auzoarentzat.
P.I.: Egunerokoan ez zara ohartzen. Kafeak ateratzen, lan eta lan, eta ez dakizu horrenbeste maite zaituztela. Eskerrak ematera etorri zirenean… Eskerrak guri ez, eskerrak zuei! Egindakoaren pozarekin geratzen zara.
Aurtengo Porrontxoak bereziak ziren ere.
P.I.: Niretzat azken Porrontxoak zirela banekien, ezin nuen gehiago. Gui ar de guorld egiten aritu gara 35 urtez, eta badirudi ezetz, baina oso hunkigarria izan zen [begiak busti zaizkio]. Hunkitu egin nintzen eta ondoko bat baino gehiago kutsatu nuen.
Pentsatu duzue beste norbaiti eskaintzea taberna? Gazteren bati?
J.A.: Norbaitek taberna hartu dezan desiratzen ari gara. Eta ahal dela auzokoa izan dadila, taberna ezagutu duena eta berarentzat ere garrantzitsua dena. Guretzat kristorena litzake hori.
P.I.: Bilatzen ari gara norbait, baina harrigarriena da inork ez digula ezertxo ere ez galdetu. Lokala ez da gurea, baina errenta zahar bat dugu eta oraindik mantendu daiteke…
Belaunaldi aldaketak arazoa dirudi.
J.A.: Auzoko tabernari asko gure belaunaldikoak dira, eta belaunaldi aldaketa ez da gertatzen ari. Gaur egungo lan baldintzak oso txarrak dira, eta normala da. Ederra litzake pare bat lagunek irekitzea Ostotsa!
Oroitzapen mordoa eramango dituzue, behintzat.
J.A.: Auzoko jendea gure bizitzaren parte izan da, eta gu ere beraien bizitzaren parte [berriz ere, hunkituta]: guretzat guztia izan da. Falta diren lagunak gogoan goaz hemendik, eta auzoari eskertuta.
