Hildakoen zerrenda amaigabeak

Zerrendak, zerrendak eta zerrendak. Hildakoen zerrenda masiboak baino eztabaida pedagogikoagorik? «Indarkeriaren kontra, datorren lekutik datorrela». Mantra gisa errepikatu da gure herrian, eta, oxala, bihotzez oxala, inork sinestuko balu. Baina indarkeriaren arazoa da, hain zuzen, beti dagoela justifikatuko duenik. Bonbak nork botatzen dituen, tiroak nork egiten dituen, horra hor kondena edo txaloak jasotzeko arrazoiak.
ETAk 50 urtean hil zituenak baino hogei aldiz palestinar gehiago hil dituzte bi hilabetean. Krudelkeriaren muga norainokoa da? Noraino helduko dira hildakoen izen zerrendak? Egongo al da museo bat «zein krudela» izan zen gogoratzen duena? Ia ezer ez genuela egin gogoratuko duena.
20.000tik gora palestinar hil dituzte, oraingoz, Israelgo genozidek. Oroitu, ordea, inon idatzi gabeko hildakoen zerrenda amaigabe bat ari dela sortzen. Bizirik dauden arren, bizitza galdu duten palestinarrak, burua makurtu gabe, duintasuna inolaz ere galtzen ez dutenak.