Pentsiodunen mugimenduaren omenaldia jaso du Pepi Berasategik
Pentsiodunen mugimenduak Pepi Berasategi donostiarra omendu du astelehen eguerdian Bulebarrean, mugimenduaren ohiko elkarretaratzearen bueltan. Pentsiodunen mugimenduko Kontxi Rebollok azaldu duenez, Berasategi euren elkarretaratzeetara joan izan da, eta berriki haren aita Hipolito Berasategiren gorpuzkiak identifikatu dituztenez, omenaldia egitea erabaki dute.
Hoy Pensionistas donostiarras homenajean a Pepi Berasategi tras poder despedir a su padre, asesinado por los fascistas tras el golpe de estado de Franco , tras el encuentro de sus huesos en Ouartzun por Aranzadi. pic.twitter.com/LpYdmI7XJl
— Joxean (@joxeanurkiola) December 11, 2023
Hain zuzen ere, duela bi aste jakinarazi zioten Pepi Berasategiri bere aitaren gorpuzkiak Oiartzun inguruko hobi komun batetik ateratakoen artean identifikatu zituela Aranzadi Zientzia Elkarteak. Berasategik 87 urte zeramatzan aita bilatzen, eta asko borrokatu du bere aita eta frankismoak desagertutako biktima guztiak agertzeko.
Horrela, Hipolito Berasategiren gorpuzkiak senideen eskuetan daude dagoeneko, asteburuan eman baitzizkieten, udaletxean egin zuten ekitaldi hunkigarri batean. Horrez gain, hedabide honek luze eta zabal hitz egin zuen joan den astean Berasategirekin, eta hemen irakur dezakezue elkarrizketa.