Betisen aurkako partidarako online saldutako sarrerak deuseztatu ditu Realak, Frente Atleticoko ultrak etorri ez daitezen

Realak igandean jokatuko du Anoetan Betisen aurka (16:15), eta Aitor Zabaletaren erailketatik 25 urte bete berri direnez, realzale maitatuena omentzeko aprobetxatuko du klubak, urteurrenetik Anoetan jokatuko den lehenengo partida baita. Ordea, iaz Betisen aurka Anoetan jokatutako partidara Atletico Madrileko Frente Atletico talde ultraeskuindarrarekin lotura duten hainbat kide etorri ziren Betiseko zale batzuekin. Zehazki, Sare Antifaxistak orduan salatu zuenez, Betiseko Supporters Gol Sur Ultras eta Suburbios Firm taldeetako ultraeskuindarrak etorri ziren; azken talde hori Frente Atleticoren zatiketa da, Aitor Zabaleta hil zuen Bastion 1903 taldearekin harremana duena.
Hori dela eta, Realak joan den astean iragarri zuen ez ziola sarrerarik emango Betisi asteburuko partidarako, eta Anoetako bisitarien zona itxiko zuela. Horren inguruko azalpenak eman ditu Jokin Aperribai presidenteak astearte goizean Milanen, Txapeldunen Ligako multzoen faseko azken jardunaldiaren atarian: “Aitor Zabaletari egin nahi diogun omenaldiak guztiaren gainetik egon behar du, ez dugu ezer gertatzerik nahi”.
Horrela, azaldu du aipatu erabakia iragarri zutenetik 209 sarrera saldu dituztela partida horretarako Internet bidez, eta denak deuseztatuko dituztela: “50 sarrera erosi dira Sevillatik, bi Kordobatik, bi Malagatik, zortzi Madriletik, 28 leku ezezagunetatik eta beste batzuk Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroatik”. Erabakiak Betiseko eta Atletico Madrileko zale ultraeskuindarrei ez ezik bestelako zaleei —Betisekoak zein Realekoak— eragingo dienaren jakitun, Aperribaik “barkamena” eskatu die zale horiei, eta nabarmendu du Anoetako leihatilara joanez gero sarrerak erosi ahalko dituztela.
Halaber, presidenteak azaldu du azken asteotan Internet bidez saldutako sarrerak ere errepasatuko dituztela, eta jatorri susmagarririk ikusiz gero, horiek ere deuseztatuko dituztela. Era berean, partidan realzaleen artean egon daitezkeen Betiseko zaleak —ultrak ez direnak— “ondo tratatzeko” eskatu die zale txuri-urdinei.
Kuoten igoera
Betisen aurkako partidaz gain, Realeko bazkideen kuoten igoeraz ere hitz egin du Aperribaik. Azaldu duenez, osteguneko Akziodunen Batzarrean aurkeztuko dute bazkideei kuotak igotzeko proposamena. Era berean, Hospitality eremuko kuoten egokitzapena ere aurkeztuko dute.