23. Korrikako arropa denda irekiko dute larunbatean Donostian
Gero eta gertuago dago 23. Korrika, eta horri begirako arropa denda irekiko dute larunbatean Donostian, Parte Zaharreko Esterlines kaleko 12. zenbakian. Korrikarekin lotutako askotariko jantziak egongo dira salgai, ostegunetan eta ostiraletan 17:00etatik 20:00etara, larunbatetan 10:30-13:30/17:00-20:00 ordutegian eta Gabonetan eta martxoan (Korrikaren hilabetean) egunero.
Gogoratu behar da 23. Korrikak 2024ko martxoaren 14tik 24ra zeharkatuko duela Euskal Herria euskararen alde, Harro Herri lelopean. Bestalde, asteartean argitaratu zuten Harro Herri Korrika abestia, Maite Arroitajauregi Mursego artistak egindakoa.
Korrika Kulturala
Korrikaren bueltan, Korrika Kulturala antolatu ohi dute baita ere, eta igandean Donostiara iritsiko da dagoeneko egitasmo hori. Izan ere, antzerkia eta opera hainbat diziplina artistikoren bidez uztartzen dituen Badon* ikuskizunaz gozatu ahalko da Antzoki Zaharrean, 18:30ean. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean daude salgai.