Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?

'Badon*' opera garaikideaz gozatzeko aukera izango da etzi Donostian

23. Korrikari begira, abian da Korrika Kulturala, eta, horren barruan, antzerkia eta opera uztartzen dituen 'Badon*' ikuskizuna eskainiko dute etzi Donostian.

_Badon___ikuskizuna

Badon* proiektua diziplinarteko hausnarketa artistiko eta sorkuntza kolektiborako sormen laborategia da, sortzaileek azaldu dutenez. Euskal literatura, musika, arte plastiko nahiz irudizko, antzerki, dantza eta bestelako adierazpenen inguruan gorpuztu dute bidea, diziplinen arteko zubiak eta elkarlanak bultzatuz.

Korrikaren sorkuntza beka eskuratu du proiektuak, eta 23. Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzeko erronkari heldu dio. Horrela, Azpeitian (Gipuzkoa) aurrestreinaldia eta Gasteizen estreinaldia egin ostean, Antzoki Zaharrera iritsiko da ikuskizuna etzi, 18:30ean; sarrerak Donostia Kulturaren webgunean daude salgai, 10 euroan.

Sortzaileek azaldu dutenez, «Badon*-en xedea genealogia kulturala errebisatzea, zalantzan jartzea eta osatzea da». «Horretarako, bestelako euskal kanona, plaza publikoa eta genealogia ahalbidetuko duen mundua edo agertokia asmatuko dugu, espekulazioa eta jolasaren bitartez. Zergatik fikziozko ariketa hau? Bestelako kanona, plaza publikoa eta aitortza praktikan jartzea ahalbidetuko digun mundua asmatu nahi/behar dugu, oraingoak ez digulako balio. Errelato alternatibo eta gaurkotu bat sortzeko asmoz, diseinu espekulatiboarekin lan egingo dugu, beste mundu eta etorkizunak sortzeko: aukera ezberdinak planteatuko ditugu distopia katastrofikoetatik utopia amestuetara joateko. Diseinu espekulatiboa praktika artistikoekin loturiko metodologia eta ikuspuntua da. Honen xedea ez da soilik etorkizuneko irudikapenak egitea, baizik eta ideiak, utopiak, aukerak… sortzea, batez ere», gehitu dute.

Antzerki postdramatikoko kodeetan oinarritutako emanaldia da, lau ataletan banatutakoa, koruarekin eta bakarlarirekin. Horrela, performancea, dantza, musika, argiak, bertsolaritza eta atrezzoa ditu emanaldiak, eta hainbat artistek hartuko dute parte: Julene Gregorio, Ines Osinaga, Marina Suarez, Ainara Gurrutxaga, Xanti Agirrezabala, Miren Gaztañaga, Eneritz Furyak, Lorea Argarate, Oihana Vesga, Elena Garcia, Itziar Garaluze eta Naroa Oleaga.

HITZAkide HITZAkide