Tabakalerako langileek harremanak hautsi nahi dituzte Palestinako genozidioa sustatzen dutenekin
Joan den ostiralean (hilak 10) Tabakalerako Bizilagunak egitasmoak egindako elkarretaratzea. (Argazkia: Tabakalerako Bizilagunak) Tabakaleran dauden hainbat erakundetako langileek asteak daramatzate ostiralero biltzen Palestinako genozidioa salatzeko. Orain, baina, elkarretaratzeak egiteari utzi eta sinadura bilketa batekin batera, eskutitz bat bidali diete Tabakalerako ekosistemako erakunde askotariko zuzendariei Palestinako okupazioa eta genozidioa sustatzen duten erakunde eta enpresekin lan egiteari utz diezaioten eskatzeko.
Tabakalerako langileek Tabakalerako Bizilagunak egitasmoa sortu zuten “Palestinako sarraskiaren aitzakian”, eta helburu gisa izan dute “justizia sozialeko gaien inguruan (berdintasuna, arrazakeria, euskara, feminismoa…) eztabaida eta hausnarketa sustatu eta ekintza ezberdinak antolatzea”. Antolaketa horren baitan egin dute sinadura bilketa azken egunotan, eta euren asmoak helarazteko eskutitzarekin bat bidali dute Tabakalera osatzen duten erakunde eta enpresetara: horien artean daude, Tabakalera, SSIFF, Euskadiko Filmategia, Elias Querejeta Zine Eskola, eta Etxepare Institutua, besteak beste.
Gutunean, “Israelgo Estatua egiten ari den gerra krimenak” salatu, eta langileen “elkartasuna” nahi izan diote Palestinako herriari. Era berean, kezkatuta agertu dira AEBeko eta Europako kultur erakunde eta unibertsitateetan gaiaren inguruan nagusitzen den isiltasunagatik, eta horiek horrela, erakundeei aurrerapauso bat emateko eskatu diete:”Tabakalera Euskal Herriko kultura garaikidearen nazioarteko zentroa izanik, eta kulturgintza injustiziak salatzeko eta jendartea hobetzeko tresna gisa ere ulertu daitekeenez, ekosistema osatzen duten erakunde ezberdinei deia luzatzen diegu injustizia honen aurrean publikoki posizionatzeko eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko”.
Gauzak horrela, argi utzi dute Israelen kolaboratzaileekin edozein harreman mota etetea dela hurrengo pausoa: “Palestinar herriaren okupazio eta genozidioa sustatzen duten erakunde eta enpresekin lan egiteari uztea eskatzen diegu, Israelek sarraskia amaitu eta Palestinako herritarrei bakean bizitzeko eskubidea aitortzen ez dien bitartean, nazioarteko zuzenbideak dioena errespetatuz”.

