«Autobusa Bulebarrera!», oihuekin egin dute protesta Egian
Egiako bizilagunek jarraitzen dute autobus lineengatik protesta egiten. Atzo iluntzean, protesta egin zuten 9. autobusaren aurrean, hainbat minutuz errepidea moztuz.
Duela bi aste, 2.000 sinadura eraman zituzten Udalinforen bulegora, Dbusen 9 eta 42 lineetako ibilbideak berreskuratzeko asmoz. Egia Bizirik auzo elkartearen egitasmoa izan zen, urrian aldatu zituzten ibilbideak berreskuratzea helburu.
Karlos Trenor auzo elkarteko kidearen arabera, aldaketek, batez ere, “adineko jendeari” eta “mugikortasun mugatua dutenei” egin die kalte: “Ikusi genuen jende asko haserre zegoela, sinadurak biltzea erabaki genuen. Aste batean 2.000 sinadura lortu ditugu, eta askoz gehiago eskuratu ditzakegu”.
Auzo elkartearen ustez, ibilbide berriek “hirigunetik aldentzen” dituzte Egian bizi direnak: “Parte Zaharretik, Bretxako merkatutik, udaletxetik, Kontxako hondartzatik… aldentzen dituzte”. Horrez gain, uste dute ibilbide berriek “zaildu” egiten dutela linea batetik bestera aldatzea. “Lehen, ia linea guztiak Bulebarrean zeuden, eta erabiltzaileek metro gutxi ibili behar izaten zuten Egiako autobus geltokitik beste autobus lineetara iristeko. Lineaz aldatzeko erraztasun hori desagertu egin da ibilbide berriekin”, nabarmendu dute.

