Gabonetako udalaren ikuskizuna bihar hasiko da
‘Gabonetako Sinfonia’ da asteazken honetatik urtarrilaren 4ra bitartean udaletxearen fatxadan argi eta soinu ikuskizun bat birsortuko duen ‘bideomaping’ ikuskizunaren izena.
Sei minutuko bideoak planteatzen du Gabonak desberdinak direla pertsona eta jatorri ezberdinentzat, jaiak ospatzeko modu adina Gabon daudelako. Proposamenean, galdetzen da “zer gertatuko litzatekeen, behingoz, Eguberri guztiek batera joko balute? Hau da, melodia bakar batek Gabonetako magia guztia, desio eta itxaropen guztiak gordeko balitu? Horrela, ‘Gabonetako Sinfonia’ esklusibo bat sortu da, horretarako bereziki konposatua eta Gabonetako magiak bere distira osoan jo dezan soinu-banda gisa balioko duena”.
‘Gabonetako Sinfonia’ hiriko musika tradizioari egindako omenaldia da. Musikaren bidez, ikusmen efektu zirraragarriak, musika magikoko kutxa bat, bizia hartzen duten jostailuak eta neguko haizeteak ezagutuko dituzte bertaratzen direnek. Ikuskizun horretan, musikak eta fantasiak bat egiten dute hiriari opari paregabea eskaintzeko: donostiar guztien jabetzakoa izango den musika-pieza bat.
Ordutegiak eta paseak
Abenduaren 27tik, asteazkena, urtarrilaren 4ra arte, osteguna, gozatu ahal izango da ikuskizunaz, eta emanaldien ordutegia hau izango da: 18:30ean, 19:00etan, 19:30ean, 20:00etan, 20:30ean, 21:00etan eta 21:30ean.
Ikuskizuna ahalik eta iluntasun handienean egin behar denez, udaletxeko fatxadetako leihoak estalita eta inguruko argiak itzalita egongo dira emanaldiak iraun bitartean. Emanaldi bakoitzak 6 minutu iraungo du eta emanaldi batetik bestera itxaron beharreko denbora, girotzeko musika eta argi jokoak izango dira.