Astebeteko parte hartze prozesua prestatu du udalak, mugikortasun plan berriaren inguruko ekarpenak jasotzeko
Donostiako Udalak, 2024-2029 aldirako Mugikortasun Plana aurkeztu du, bai eta udalerrirako Isuri Gutxiko Eremuaren proposamena ere. Udal ordezkariek prentsaurrekoa egin zuten ekimen hauek aurkezteko eta ezaugarri nagusien berri emateko.
Abenduaren 18 eta 19an aldez aurretiko hiru aurkezpen egin ziren gaiarekin harreman zuzena duten entitateei egitasmoa eta partaidetza programa aurkezteko, eta abenduaren 26an, behin behinean onartu ditu Tokiko Gobernu Batzordeak Mugikortasun Plana eta udalerrirako Isuri Gutxiko Eremuaren proiektua.
Ordea, onartutako dokumentu hauek ez dira “dokumentu itxiak”, udalaren arabera. Herritar eta eragileek horiekiko “esateko zer duten entzuteko” prozesua abian jarri du udalak.
Dokumentuen behin behineko onarpenaren ondoren, jendaurrean zabaltzeko, eztabaidatzeko eta herritarren, erakundeen, herritarren elkarteen eta alderdi politikoen ekarpenak biltzeko fase bat irekiko da. Helburua da ekarpen berriak jaso eta 2024ko lehen seihilekoan behin betiko onarpena jasotzea.
Partaidetza uneak
Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planari dagokionez espedientea jendaurrean egongo da 45 egunez, alegazioak aurkeztu ahal izateko eta plana onartzeko prozeduran parte-hartze publikoa sustatu eta bermatzen duen programa garatzeko.
Isuri Gutxiko Eremuaren Proiektuari dagokionez, Udalak 30 eguneko jendaurreko eta parte hartzeko epea jarri dio proiektuari, herritarrek eta inplikatutako erakundeek egin ditzaketen ekarpenak jasotzeko.
- Urtarrilak 23: Mugikortasun Planaren aurkezpen irekia
- Urtarrilak 24-26: Mugikortasun Planaren inguruko partaidetza tailerrak egingo dira eragileekin.
- Urtarrilak 22 eta otsailak 3 bitartean: IGE/Isuri Gutxiko Eremuari buruzko informazioa zabaltzeko jarduerak egingo dira.
- Urtarilak 29 eta 30ean: IGE-ren aurkezpen irekia egingo da
- Urtarrilak 30 eta otsailak 2 artean: IGE-ren inguruko partaidetza tailer irekiak herritar eta eragileekin.
Partaidetza une eta aukeren zehaztasun guztiak (datak, ordutegiak, lekuak…) urtarrilean zehar zabalduko dira donostia.eus webgunean eta partaidetzako ohiko bideetatik. Partaidetza prozesuko emaitzen deboluzioa martxoaren hasieran egingo da, eta hilabete horren amaieran behin betiko onarpena Tokiko Gobernu Batzordean.
2024 urtean zehar Isuri Gutxiko Eremuaren Ordenantza izapidetuko da, eta onartu ondoren inplementatuko da Isuri Gutxiko Eremua.