Donostiako Udalak Illarrako eremuaren hirigintza garapena abiatu du
Orotara, 38 etxebizitza eta garajeak egingo dituzte eta sei hilabetean hasiko dituzte lanak.

Eneko Goia alkateak pasa den asteartean aurreratu bezala, Donostiako Udalak Illarrako eremua izango du 2024ko dituen hirigintza erronken artean. “Hiria, pixkanaka-pixkanaka, bere hirigintza birmoldaketan aurreratzen joango da”, azaldu zuen alkateak urte berriko proiektuen inguruan hitz egiterakoan.
Informazioa aurreratu eta astebetera, hain zuzen, Donostiako Udalak jakinarazi berri du obra handiko lizentzia eman diola Construcciones Sukia Eraikuntzak SLri, Illarra eremuan etxebizitzak egiteko. Orotara, 38 etxebizitza eta garajeak egingo dituzte, sei eta 32 etxebizitza izango dituzte bi partzeletan banatuta. Zehaztu dutenez, “udaleko zerbitzu teknikoek aldeko txostena eman dute”, eta “eskatutako lizentziaren edukian ez da legezko arau-hausterik ikusi”. Hala, akordioak bi urteko epea ezartzen du bi lurzatietan obrak amaitzeko eta lanak sei hilabeteko epean hasiko dira.
Fase berrian 38 etxebizitza izango diren arren, Ibaetako industriagunea eta Berio artean dagoen 60.000 metro koadro eremuan 262 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten du udalak.
2024ko erronkak
Lorategi Hiriko urbanizazioa egiteko lanekin jarraituko dute, eta Infernua, Igara eta Illarrako eremu berriak garatzeko obrak hasiko dira. Horrez gain, Martuteneko espetxea eraitsiko dute Txomin Enearen bigarren fasearekin hasteko, eta San Bartolome merkataritza gunea garatzea ere aurreikusten du udalak.