Hiri osoa tentsio handiko eremu izendatzeko eskatu du udalak
Donostiako Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Donostia osoa izendatzeko tentsio handiko eremu, horrela hiri guztian ezarri ahal izateko alokairuaren gehienezko prezioak. Hala azaldu zuen Eneko Goia alkateak astelehenean Radio San Sebastian irratian emandako elkarrizketa batean. Gogoratu behar da iaz onartu zuten Espainiako Etxebizitza Legeak ahalbidetzen duela tentsio handiko eremuak izendatzea.
Izan ere, Jaurlaritzak urte amaieran argitaratu zuen tentsio handiko eremu izendatzekoa zen zonen mapa, eta Donostiako hainbat eremu hortik kanpo daude: Amara Berriko, Erdialdeko, Aieteko, Martuteneko eta Miramongo zenbait eremu eta Antigua, Ibaeta, Igeldo eta Zubieta osoak.
Alkatearen ustez, ordea, hiri osoa izendatu behar da tentsio handiko eremu, bestela izendapen horretatik kanpo dauden eremu batzuetako etxebizitzen prezioak igo egin daitezkeelako. Martuteneren eredua jarri zuen fenomeno hori azaltzeko, Eusko Jaurlaritzaren maparen arabera tentsio handiko eremu izango liratekeen Astigarragaren eta Hernaniren ondoan dagoelako, eta Martutenen ez bada prezio maximorik ezartzen prezioak nabarmen igo daitezkeelako. Horregatik, Jaurlaritzaren planteamendua “birbideratzea” espero duela esan zuen Goiak.