Igarotako bidearen kronologia bat
Reala

Osasunaren aurka jokatuko du Realak kopan

osasuna-real Le Normand, Osasunaren aurkako partida batean.Reala

Final-hamaseirenetan Malaga garaitu ostean, Realak dagoeneko badaki zein izango den bere aurkaria final-zortzirenetan: Osasuna. Astelehenen arratsaldean egin zuten zozketa, eta hala erabaki dira kanporaketako neurketak.

Osasunak superkopako finalera sailkatzeko aukera du, eta, beraz, partidaren data oraindik ez da ziurra. Hain zuzen ere, nafarrak finalerako sailkatzen badira, hilaren 18an jokatuko da kopako kanporaketa, 19:30ean. Aldiz, ez bada sailkatzen, hilaren 17an izango da derbia, 21:00etan. Edozein kasutan, Sadar estadioan jokatuko da neurketa, zozketan hala erabakita.

Gorritxoen eta txuri-urdinen artekoa ez da final-zortzirenetako euskal derbi bakarra izango, Athletic eta Alaves ere parez pare ariko baitira. Bestalde, zozketan zeuden hamasei taldeetatik hamalau lehenengo mailakoak ziren, eta maila baxuagoetako bi baino ez dira final-zortzirenetara iritsi: Salamancako Unionistas eta Tenerife kanariarra. Horrela, hauek izango dira kanporaketa honetako partidak: Unionistas-Bartzelona, Tenerife-Mallorca, Getafe-Sevilla, Osasuna-Reala, Valentzia-Celta, Athletic-Alaves, Atletico Madril-Real Madril eta Girona-Rayo Vallecano.

Cho Nizara

Realarekin jarraituta, azken orduotan jakina zen albiste bat baieztatu du Realak, Mohamed-Ali Cho jokalaria Niza talde frantsesera doala baieztatu baitu. 19 urteko jokalaria denboraldi bat eta erdi egon da Imanol Alguacilen aginduetara, baina ez du lortu erregulartasuna mantentzeko maila erakustea. Horrela, hainbat hedabidek argitaratutako informazioaren arabera, Realak Chorengatik inbertsioa berreskuratu du salerosketa honetan, Nizak hamar milioi euro ordainduko baitizkio, eta beste bi adostutako zenbait aldagarriren arabera.

HITZAkide HITZAkide