Zaporeak elkarteak 'Danbor bat, euro bat, otordu bat' kanpaina aurkeztu du
'Danbor bat, euro bat, otordu bat' deituriko kanpaina solidarioa ezagutzera eman du prentsaurreko baten bitartez Zaporeak elkarteak Union Artesanarekin elkarlanean.
Zaporeak elkarteak Union Artesanarekin elkarlanean, kanpaina berria aurkeztu du prentsaurreko baten bitartez, Donostiako udaletxean. Danbor bat, euro bat, otordu bat deituriko kanpaina San Sebastian egunean egingo dute. Horretarako, danborradan parte hartzen duen orok euro bat eman ahal izango du Zaporeak txapa baten truke.
Zaporeak elkarteak egunero 3.000 otordu prestatzen ditu Greziako Lesbos irlan kokatzen den errefuxiatuen kanpalekuan. Indarrez jarraitu ahal izateko finantziazioa eta gizartearen inplikazioa beharrezkoa dela adierazi dute. “Horrela danbor bakoitzak elkartasuna adierazteko balio izango du eta Lesbosen ere danborrada entzungo da”, azaldu du Peio Garciak, Zaporeakeko kidea.
Eneko Goia alkateak nabarmendu du Danborradak eta jaiek ospatzeko, gozatzeko eta elkartasuna adierazteko balio dutela. Isabel Verdinik, 2024ko urrezko danborra jasoko duen dantzariak, “proiektu honek gure indarra merezi du eta bihotzetatik bihotzetara iritsiko den proiektu solidario horietakoa da honako hau”, esanez amaitu du.
Ekimenaren helburua 20.000 txapa banatzea da. Hortaz, 20.000 eurorekin 20.000 otordu prestatu ahalko lituzkete. Irabazi asmorik ez duen kanpaina honek zortzi urtez bizirik jarraitzen du erakunde, hainbat enpresa eta norbanakoen laguntzaren babesari esker. “2016an antolatutako lehen ekimen arrakastatsua berreskuratzea erabaki dugu, eta errefuxiatuei babesa adieraziz San Sebastian egunenan den-denok txapa hori jartzea litzateke gure erronka”, argitu du Garciak.
Zaporeak harremanetan jarriko da danborraden elkarte guztiekin txapak eskaini eta San Sebastian egunean haiek ere banatzeko aukera izan dezaten. Konpainiaren batek ez balu informaziorik jaso, zuzenean Zaporeakekin harremanetan jartzea eskatu dute, “guztiok ekintza solidario honetan parte hartu ahal izateko”.