Lantaldea berrituta, garai berriei aurre egiteko prest

Etengabeko aldaketan eta berrikuntzan da IRUTXULOKO HITZA-ko lantaldea. Urte berriarekin, lantalde berria aurkeztu nahi diegu gure irakurleei, baita aurrera begira ditugun asmoak ere.

Irutxuloko Hitza lantaldea IRUTXULOKO HITZAko lantaldea: Naike Usabiaga Urruzola, Andrea Bosch Alfaro, Karmele Ugalde Arcenillas, Xalba Ramirez Cruz, Aizpea Aizpurua Arroio, Beñat Parra Rodriguez, Olatz Balda Sagarzazu, Joseba Parron San Sebastian, Sara Ibarguren Etxeberria eta Oier Arribas Ciria.Joseba Parron San Sebastian

Garaiaren kronika egitea, hori da IRUTXULOKO HITZA-ren egitekoa. Horretarako, etengabeko eztabaida eta berrikuntza prozesuan gabiltza lantaldean, hiriaren erronkei ahalik eta egokien erantzuteko asmoz.

Kontziente gara ez ditugula erronka samurrak: azken hamar-hamabost urteetan izugarrizko eraldaketan sartuta dago Donostia, aurrez inoiz ikusi gabeko erronkekin. Erronka horiei aurre hartu, eta herritarren ikuspegitik garaia kontatzea da gure asmoa; beti ere, hedabide handiek sustatzen duten ikuspegi monokromatikoetatik ihes eginez.

‘Mundu osoa da tokikoa’

Tokiko prentsaz hitz egiten dugunean, badirudi mundu mailako joerek ez dutela tokirik izan behar. Edo bestela esanda: tokikoa eta orokorra gauza desberdinak direla. Badela prentsa-prentsa den zerbait, eta badela tokikoa den zerbait.

IRUTXULOKO HITZA-n bestela hausnartu dugu. Mundu mailako arazo eta erronkek tokikoan hartzen dutela lur, inon hartzekotan. Non sumatzen da argindarraren prezioaren igoera, ez bada donostiarren poltsikoetan?

Partikularretik unibertsala kontatzea da gure ustez tokiko prentsaren helburua. Honela, Donostiako herritarren ikuspegia kontatu dezakegu: zer gertatzen da ixten duten denda bakoitzaren atzean? Nola bizi dira XXI. mendeko problematikak hirian? Zerikusirik ba al dute auzoetako banaketek arraza eta klasearekin? Parisen, Berlinen eta Bartzelonan gertatzen diren dinamiken parekorik ba al da gurean?­

Donostiaren kontakizun berri bat

IRUTXULOKO HITZA-ren beste funtzioetako bat dugu Donostiari buruz kontatu diguten historiari buelta eman eta berreraikitzea. Itxuraz, Donostia beti izan da aristokraziaren oporretarako lekua, turismo hiri modernoa. Atzera begiratuta, ordea, hiriaren bilakaeraren parte bat besterik ez da honakoa. Aristokratak al ziren donostiar gehienak? Ala langileak? Maria Kristina hotelaz eta kasinoaz gain, ez al zeuden tailerrak eta fabrikak hiri osoan zehar? Zer lan baldintza zituzten herritarrek? Zer jai mota egiten zuten?

Iraganari galdera berriak egiterakoan, ikusten dugu saldu nahi digutenaren oso bestelakoa zela gure hiria, eta, akaso, etorkizuna ere bestelakoa izan dezakeela.

Zuzendaritza berria

Lantalde txikia dugu IRUTXULOKO HITZA-n, hedabide txikia garenez gero. Aldaketek asko eragiten dute, beraz, egunerokoa, pertsona bakoitzaren pisuak eragin handia baitu.

Joan den urtearen bigarren erditik aurrera, lantaldea erabat berritu, eta ikuspegi gazteago bat eman diogu zuzendaritzari. Beñat Parra Rodriguez (Egia, 1996) da zuzendari berria eta Naike Usabiaga Urruzola (Aiete, 1991) kudeatzaile berria. Gainontzekoan, kazetari taldea osatzen dute Olatz Balda Sagarzazuk (Ibaeta, 1997), Andrea Bosch Alfarok (Antigua, 1995), Sara Ibarguren Etxeberriak (Zumaia, 1996), Inaxio Esnaola Aranzadik (Intxaurrondo, 1984) eta Xalba Ramirez Cruzek (Egia, 1990). Eta argazkilaria, Joseba Parron San Sebastian (Erdialdea, 1972).

Administrazioko gainontzeko lankideak dira: Oier Arribas Ciria diseinatzailea (Intxaurrondo, 1996), Aizpea Aizpurua Arroio publizitate arduraduna (Zubieta, 1982) eta Karmele Ugalde Arcenillas sustapen arduraduna (Bilbo, 1995).

Elkarlana oinarri

Jakina denez, euskalgintzatik eta herrigintzatik sortu zen IRUTXULOKO HITZA- duela hemeretzi urte. Erabat independenteak garen arren, erabat lotuta gaude herrigintzatik sortzen diren egitasmoetara. Behetik gora, sare lana eginez eragile eta kolektiboekin harremana sustatzen jarraitzen dugu. Beti ere, gure harpidedun eta irakurleen babesari esker!

Webgune berritua eta whatsapp kanala

Etengabeko eraldaketan dago kazetaritza eta, oro har, komunikazioa. IRUTXULOKO HITZA-n paperari garrantzia ematen jarraitzen diogu, hori baita gure euskarririk landuena. Ordea, bide berriak lantzen jarraitzen dugu eta hainbat berritasun ditugu urte berrirako. Lehenik eta behin, webgunea berritu dugu. Irakurterrazagoa izan dadin, estiloa aldatu dugu, eta intuitiboagoa da orain.

Bestalde, IRUTXULOKO HITZA-ren edukiak Whatsapp bidez jasotzeko aukera duzu hemendik aurrera. Hiriko albisteak euskara hutsean zabalduko ditugu, zure telefonora zuzenean.

Harpidetzeko, gure webgunean jarri dugun estekaren bitartez egin beharko da. Estekan behin klikatuta, kanalera joan eta Jarraitu botoia sakatu besterik ez da egin behar.

Edonola, ez ahaztu gainontzeko sare sozialetan ere bagaudela: X (lehengo Twitter), Facebook, Instagram, Telegram eta YouTuben. Gainera, astean hiru aldiz doako buletinera harpidetu zaitezke, azken eguneko albisteak zure emailean jasotzeko.

HITZAkide HITZAkide