1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinen «integrazio soziolinguistikoa» aztertu dute
![bidebieta la paz](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2023/03/bidebieta-la-paz.jpg)
Donostiako Udalaren Ekialdeko Barrutiko Batzarraren enkarguz egin da ikerketa 2022 eta 2023 urteetan.
Lanaren lehen helburua izan da 1950-1970 urte inguruan Espainiako Estatuko lurraldeetatik Altzara etorritakoen hizkuntzarekiko “esperientziak, bizipenak, iritziak eta jarrerak aztertzea”. Bestalde, ezagutza horrek gaur egungo migrazioetan “euskararen presentzia handitzeko izan dezakeen aplikazioa” aztertzea bilatu du lanak.
Ikerlariek elkarrizketa sakonak eta eztabaida taldeak baliatu dituzte ikerketa kualitatibo honetan. 1950eko hamarkadatik 1970ekora heldutako pertsonak, horien ondorengoak, garai hartan dagoeneko Altzan bizi zirenak eta horien seme-alabak izan dira euren ikuspegiak partekatu dituztenak.
Altzako kasua, XX. mendean Espainiatik nagusiki Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait herri eta hiritara izandako migrazio prozesuaren testuinguru historiko, sozial eta demografikoan aztertu dela azaldu du Klusterrak.
Askotarikoak dira txostenean ateratzen dituzten ondorioak. Nabarmentzen dutenez, “immigrazioaren dimentsio demografiko handiak euskararen bizitasun etnolinguistikoan higadura handia eragin zuen urte gutxitan, eta euskal komunitatearen ikuspegitik higadura horrek ahuldu egin zuen hizkuntza- eta kultura-komunitatea”. Ikerketaren arabera, prozesu hori “uholde” modura bizi izan zuten euskal hiztunek, “minetik eta ezintasunetik”.
Hizkuntza-gatazkaren inguruan, “etorkinen eta bertako euskaldunen artean konfrontazio-maila bat gertatu zela baieztatu” du klusterrak, baina ez zela gatazka “esanguratsu modura bizi izan”. Azaldu dutenez, “etorkinek eta ondorengoek egoki ikusi zuten euskararen aldeko hizkuntza politika egin izana eta, oro har, euskara babesteko eta sustatzeko neurriak ezartzea”.
Edonola ere, euskararen balio integratzailea “beranduago antzeman zuten etorkinek euskararen ospearen berreskuratzearekin batera eta bigarren belaunaldiarentzat soilik”. Ikuspegi hori “erabakigarria” izan zen etorkinen eta bertakoen artean “zubiak eraikitzeko: “bi munduen arteko hurbilketa alde sozialetik eta kulturaletik abiatu zen, laboraletik baino gehiago”.
Ikerketaren emaitzen txostena Soziolinguistika Klusterraren webgunean dago irakurgai . Txosten horretatik eratorritako artikulua, berriz, Bat Soziolinguistika Aldizkariaren 128. zenbakian argitaratu da .