San Sebastian eguna

25 urte beteko dituzte Ikasbide eta Axular danborradek eta 50 Atotxa Errekak

ikasbide Ikasbideko danborrada, 2019ko San Sebastian egunean. Iñaki Agirre Perez

San Sebastian eguna berezia da edozein danborradarentzat, baina aurtengoa are bereziagoa izango da hiru konpainiarentzat: Ikasbiderentzat, Axularrentzat eta Atotxa Errekarentzat. Izan ere, mende erdia beteko du Añorga Txikiko Atotxa Erreka danborradak, eta mende laurdena Amara Berriko Ikasbide danborradak eta Antiguako Axular danborradak.

Gainera, aurten 25 urte beteko dira bandera igoeran Gaztelubiderekin batera estreinakoz auzoetako danborradetako ordezkariek eta emakumeek parte hartu zutenetik, eta hiru konpainia horiek parte hartu zuten 1999ko bandera igoera hartan. Aurten ere han egongo dira, eta Ikasbidek jakinarazi du Edurne Imaz izango dela euren ordezkaria bandera igoeran, sorreratik Ikasbiden danborra militarrez jantzita jotzen duen danbor jotzailea.

Horrela, Ikasbidek nabarmendu du gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna izan dela hasieratik euren oinarria: “Berdintasuna izan da beti elkarte honen ardatza, baita bere danborradarena ere; gure elkarteko danborradan, sortu zenetik, kide bakoitzak aukeratzen du zein postutan hartu nahi duen parte, sexua inolako irizpide izan gabe. 1999an sei emakume atera ziren militarrez jantzita danborra jotzen, elkarte askotan, oraindik, emakumeari urketari aukera soilik ematen zitzaion garai batean. Zorionez, hau ere aldatuz doa gure hiriaren egun handienaren ospakizunean; gaur egun, gure danborradan, hamabi emakume dira danbor jotzaile militar jantziarekin —danbor jotzaileen ia erdia suposatzen dute—, eta guztira 81 postutan parte hartzen dute emakumeek —danborrada %50 suposatzen du emakumeen parte hartzeak, 144 kide baikara—”.

axular

Axular danborrada.Lantxabe auzo elkartea

Axularri dagokionez, 1998an, ikastetxe horretako guraso talde batek helduen danborrada bat sortzea proposatu zuen, eta prozesu baten ostean, 1999ko urtarrilaren 20an, 17:00etan irten zen lehen aldiz danborrada, hiru ordu iraun zuen ibilaldia egiteko. Sukaldariz jantzita irten ziren, haur danborradako danborrekin eta upelekin, eta upel tradizionalekin ateratako hamazazpi urketarirekin. Gerora, 2003an, militar jantziak estreinatu zituzten danborrentzat, eta, 2011n, Londresen ospatzen den jaialdi batean parte hartzera gonbidatu zituzten.

atotxa-erreka

Atotxa Erreka danborrada.Donostiako Festak

Atotxa Errekaren kasuan, 1970eko hamarkadan Añorga Txikin eraiki zituzten etxe berrietako hainbat bizilagunen ekimenez sortu zen. 1974ko urtarrilaren 19ko 23:50ean atera ziren estreinakoz auzotik, eta 35 bat urtez, bi aldiz atera izan ziren jotzera: behin modu ofizialean bandera igoz, eta beste behin modu ez ofizialean bandera jaitsiz.

HITZAkide HITZAkide