Hotzaren aurkako aterpetxeetara sartzeko irizpideen malgutzea eskatu du Caritas Gipuzkoak
Antiguako La Sirena aterpetxea.Inaxio Esnaola Caritas Gipuzkoan “gero eta handiagoa da kezka” kalean bizi diren pertsonen kopuruak gora egin duelako, erakundeak azaldu duenez. “Pertsona horiek ez dute baliabide nahikorik elikagaiak eta bizitokia eskuratzeko, neguan hotzetik babesteko, ez eta enplegua eta etxebizitza posible diren gizarteratzeko prozesurako sarbidea lortzeko ere”, gogorarazi du Caritasek.
Salatu dutenez, modu esponentzialean ari da hazten etxerik gabekoen errealitatea, eta “ez dira nahikoa izaten ari gizarte bazterkeriako egoera larri honetan dauden pertsonei gutxieneko arreta emateko antolatzen diren prestazioak eta zerbitzuak”.
Errealitate honek “administrazio publiko osoa” interpelatu behar duela uste dute, baita erantzun sozial egokien garapenean “funtsezko zeregina” duten udalak ere.
Caritasek uste du eguneko zentroak “beharrezkoak” direla norberaren zaintzarako prestazioak eta gutxieneko elikadura bermatzeko. Baina baita larrialdiko gaueko zentroak ere, “gaur egungoa baino irizpide irekiagoak eta malguagoak dituztenak”: “Gaur egungoa gauean muturreko hotz baldintzak izatearen menpe dago ateak ireki eta atseden segurua eskaintzeko”.
Irizpideak berrikusteko eskaera
“Neguak, baldintza meteorologikoak direla eta, eragin negatiboa du gaua kalean ematen duten pertsonengan”, gogorarazi du Caritasek. Horregatik, beraien ustez, berrikusi egin behar dira hotzaren aurkako lekuak irekitzeko irizpide batzuk (hala nola izotz arriskuaren edo gradu bateko tenperaturaren irizpidearen arabera irekitzea), gaua kale gorrian igarotzen dutenen osasuna eta bizitza bera babesteko.
“Gure inguruko udalerri batzuk baliabide hauek irekitzeko irizpide malguagoak dituzte jada. Beraz, jardunbide egokiak hedatzeko eskatzen dugu, hotz protokoloak aktibatzeko gaur egun erabiltzen diren irizpideak berrikusiz”, adierazi dute.
Irizpide sozialak ezartzeko eskatu du Caritas Gipuzkoak, “bizitza duina izateko giza eskubideari erantzuten diotenak, eta gizarte babeseko sistemetarako sarbidean gauzatzen direnak”.

