«Jende nagusia albo batera uzten dugu»
Mundu mailako mugimendu baten parte da Bizikletaz Adinik Ez egitasmoa. Donostian 2016an sortu zen, eta ordutik, ehunka boluntariok parte hartu dute, pertsona adinduei trizikloan osteratxoa eginez. Elkarteko langileak dira Marilo Miguez (Intxaurrondo, 1974) eta Esther Villar (Amara, 1972).
Zer da Bizikletaz Adinik Ez?
Marilo Miguez (M.M.): Bizikletaz Adinik Ez elkartearen helburuetako bat da pertsona nagusien bizi kalitatea hobetzea. Zahar etxeetan eta eguneko zentro eta abarretan aritzen gara, baina gustatuko litzaiguke noizbait partikularrekin aritzea; jende asko baitago Donostian nahi gabeko bakardadean. 15-20 irteera egiten ditugu hilean, boluntario sare indartsu eta konprometitua dugu.
Zer bilatzen duzue?
M.M.: Trizikloa erreminta bat da pertsona helduekin harremana egiteko. Gizartean berrintegratzeko bide bat da, jendearekin harremanetan jartzen. Era berean, belaunaldiena arteko harremana sustatzea ahalbidetzen du.
Irteera bereziak antolatzen hasi gara orain, erakusketetara joateko, adibidez. Taberna batzuekin akordioa egin dugu, eta batzuk pintxo batera gonbidatzen gaituzte, eta saiatzen gara tarteka joaten. Edonola, antzerkira edo kontzerturen batera joatea zaila da, beranduegi delako zahar etxeetan dauden pertsonentzat.
Nola funtzionatzen du?
Esther Villar (E.V.): Urteroko egutegi bat adosten dugu zentroekin. 9-10 bat irteera egiten ditu zentro bakoitzak urtean. Eguraldiak eragin izugarria du hor, noski, eta neguan irteera gutxiago antolatzen ditugu. Edonola, saiatzen gara urte osoan egiten, eta, adibidez, Gabonetako argiak ikustera joateko irteera antolatzen dugu.
M.M.: Hiru trizikloko irteerak izan ohi dira: bi erabiltzaile eta boluntario bat bakoitzean. Ordu eta erdi inguruko buelta bat izan ohi da, eta erabiltzaileek erabakitzen dute nora joan nahi duten: «Aspaldi ez dudala itsasoa ikusten», baldin badio norbaitek, ba orduan itsasorantz egiten dute.
Kontuan izan behar da trizikloek badutela muga, eta aldapak ezin direla igo. Trizikloek motorra dute, baina ez hiru lagun maldan gora igotzeko moduan… Eta, adibidez, Berioko zentrora ezin dugu igo. Kasu horietan eskatzen diegu bestelako ibilgailu batekin jaistea bila.
Zer onura ditu erabiltzailearentzat?
E.V.: Onurak bientzat dira; bai erabiltzaileentzat eta baita boluntarioentzat ere. Ez da soilik irteera bat eta leku batetik bestera eramaten zaituztela. Hor sortzen den harremana da giltza. Hirian zehar doaz, akaso urteetan ikusi ez dituzten gauzekin, aldatuta dauden lekuekin… Eta kontatzen hasten dira beraien istorioak: non bizi ziren, zer lan egiten zuten, anekdotak… Boluntarioentzat ederra da. Beraz, batetik, erabiltzaileak zahar etxetik ateratzea lortzen dugu eta hiriko bizitzan apur bat gehiago txertatzea, hiritik ez deskonektatzeko. Boluntarioek, berriz, elkarrizketa eta bizipen interesgarriak ezagutzeko aukera dute.
Nondik dator proiektua?
M.M.: Cycling Without Age (CWA) Ole Kassowek 2012an Kopenhagenen sortutako nazioarteko mugimendua da. Gaur egun, 52 herrialdetan dago. 2016an, Donostiako Kultur Hiriburutzan, lau triziklo erosi ziren, eta horiekin hasi zen. Iñigo Munilla, Gorka Hoyos eta Dani Ruiz izan ziren sortzaileak. 2017an elkarte gisa sortu zen, eta lehenengo langilea kontratatu.
Nola gomendatuko zenioke ezagutzen ez duen bati?
M.M.: Boluntarioentzat ez du ezer negatiborik. Ez da Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuen moduan, bulego lan handia egin behar duzula. Gure kasuan, boluntariotza ederra da: hiritik zoaz bizikletan, jende harrigarriaren historiak entzuten dituzu, kirola egiten duzu kanpoan… Azken finean, zure satisfazioa da beste pertsona batzuk laguntzen ari zarela, eta aldi berean, gizarte hobeago bat eraikitzen ari zarela. Hiri eder honetan, zer gehiago!
E.V.: Haien artean harremana sortzen doa, eta oso polita da hori. Bestelako boluntarioak ere badaude: adibidez, bizikleten mantenua egiten duen jendea badugu, hemen daukagun tailerrera etortzen direnak. Orain, eraikina margotzeko laguntza behar izan dugu, eta jendea etorri da. Boluntario talde zabal eta aktiboa dugu.
Pertsona helduen bakardadean eragitea da helburua?
M.M.: Bai, eta hori da sorreraren muina. Kassow zahar etxeetara joaten hasi zen, eta beraiei galdetu zien zer zen behar zutena. Danimarkan bizikleten gaia oso garrantzitsua da, ohitura handia dago, eta zahar etxeetako erabiltzaileek esan zioten faltan botatzen zutela hori. Harremantzeko, komunikatzeko eta hirian parte hartzeko modu bat da hori.
Urteak aurrera egin ahala, Donostia gero eta gehiago zahartzen ari da, eta garrantzia handiagoa eman beharko genioke. Jende asko dago etxean bakarrik dagoena. BAE horretarako tresna izugarria izan daiteke.
Jendea elkarrekin konektatzeko erreminta bat da, gure bizitzetan presente egon daitezen. Jende nagusia albo batera uzten dugu, baina jende hori da esperientzia duena, gauzak erakutsi diezazkigukeena, gehiago bizi izan duelako. Tristea da gaitasun batzuk galdu dituztelako albo batera uztea. Gizarte moduan, askoz gehiago landu beharko genukeen gai bat da.
E.V.: Auzoren batean bizi, eta Parte Zaharrera edo Grosera joan nahi duenarentzat ez da horren erraza mugitzea. Trizikloa da modurik jasangarriena.
Nola jaso duzue saria?
E.V.: Ilusio izugarria egiten du, noski. Gainera, jendearengana iristeko aukera izugarria ematen digu honek. Elkarrizketa hau egiten ari garen bezala, gero eta gehiago iritsi, hobeto. Eta jada nabaritu dugu oihartzuna: boluntarioen formakuntza dugu bihar, sei edo zazpi lagun izan ohi dira normalean, eta bihar hamabi izango dira.
M.M.: Harritu egin gaitu. Zerbait ondo egiten ari garenaren seinale! Harrotasun puntu bat, eta gasolina ere bada, gauza berriak egiteko. Esperantza ere, jende gehiagok ezagutzeko, eta jende gehiagoren babesa izan dezan. Bozgorailu garrantzitsu bat da. Akaso trizikloa ikusten du jende askok, baina ez daki zer zerbitzu den. Turistentzako zerbitzu bat dela pentsatuko dute, akaso. Turistaren batek eskatu izan digu ibilaldia egitea… Ez, noski ez dela turismorako!