«Orain multinazionalak besterik ez daude, eta jan egiten gaituzte»
Elkarrizketa mordoa ematen ari da egunotan Anjel Rueda (Egia, 1934): «Laugarrena edo bosgarrena jada». Eta denak «espero gabeak». Lehen aldia baita horrelako errekonozimendu bat jasotzen duena. Parte Zaharreko Electricidad Rucal komertzio ezaguna eraman du 50 urtez. Erretiroa hartuta, pozik hartu gaitu Groseko bere etxean.
Zorionak dominagatik. Pozik hartuko zenuen, ezta?
Kristoren sorpresa izan da. Ni beste zerbaitetara dedikatu naiz. Nire bizitza xumeagoa izan da, dendaria nintzen eta kito. Eta orain, kazetariak, eta omenaldiak, eta afariak… Ez dut ohiturarik, ni herritar bat gehiago naiz.
Lehen aldia da horrelako errekonozimendu bat jasotzen duzuna?
Bai, bai, lehen aldia. Eta ez dakit nondik datorren eta nora doan hau. Denda garrantzitsua zen, baina hainbeste?
21 urtez egon naiz Narrika kalean. Eta ondoren, Fermin Kalbetonen. Emakumeentzako ile apaindegi bat zegoen bertan, eta hara joan ginen, bertako traste guztiak hala moduz saldu, eta denda berria irekiz. Argi nuen Parte Zaharrean geratu behar nuela, bertako bizilagunekin hartu eman zuzena nuelako.
Zein urtetan ireki zenuten, bada?
1969an.
Parte Zaharrean, garai horietan gainera…
Parte Zaharra da, onerako eta txarrerako saltsa guztien erdigunea. Politika kontuekin ez naiz hasiko ere, ez genuke eta sekula bukatuko! Hor bizi izan duguna sekulakoa izan da. Zortez edo zoritxarrez, tokatu zait bertan egotea, dendan, atera ezinik. Iskanbila bat bestearen atzetik!
Zenbat aldiz gertatuko zitzaizun.
Pila batetan! Emazteak deitzen ninduen ea banindoan etxera, eta nik ezetz. Ateratzen banaiz alde guztietatik emango didate egurra, zerikusirik izan gabe. Izkina batean batzuk, bestean besteak, eta gu erdian!
Asko aldatuko zen geroztik, ezta?
Pentsa ezazu! Zenbat aldaketa, berrikuntza, mugimendu… Asko aldatu da Parte Zaharra, pila bat. Lehen hor geunden, betikoak; eta orain, kanpotarrak besterik ez. Lehen komertzioek 40 urte irauten zuten, gutxienez. Orain ez, orain urte pare bat.
Zergatik?
Errentengatik. Errenta altuek eragin dute hau. Lehengo errentak akaso garestiak ziren ere, baina eskuragarriak ziren.
Tabernen kasua adierazgarria da.
Bai, hamabost urtetik hona ostalari taldeek erosi dituzte ia denak. Juanito Kojuarekin hasi ziren, Txalupa, Fermin Kalbetonen besteren bat… Ez dakit zenbat dituzten! Horrek negozio eredua aldatu du, jada ez daude familiako negozioak, denak dira multinazionalak edo kateak.
Aldaketa guztia ikusi duzu zuk.
Garai haiek oso bestelakoak ziren. Astigarragako autobusa Egiatik pasatzen zen —han bizi nintzen ni, Aldapa Berri etxean bizi nintzen. Txontxorra deitzen zioten, zuen maldagatik—, eta bertan hartzen zuten Altzako emakume baserritarrek. Buruan saskiak eramaten zituzten, plazan saltzeko barazkiekin, eta ez dakizu ze abilezia! Bost edo sei saski, emakume bakoitzak. Autobus horiek goraino beteta joaten ziren!
Bretxan gelditzen ziren, eta hor jartzen zuten azoka. Eta Loiolatik eta Martutenetik zaldiak eta astoak ekartzen zituzten. Orain denek dute autoa. Ederra zen hura! Donostiako auzo guztietatik etortzen zen jendea bertan erostera.
Eta zuek elektrizitate kontuekin.
Ez ginen sekula etxetresna elektrikoekin aritu; ez genuen kapital nahikorik. Gutxika-gutxika hasi ginen: lanparatxoak, bonbillak, entxufeak, interruptoreak… horrekin hasi ginen, eta horrekin jarraitzen dugu! Nik ezagutu dudanarekin eta funtzionatu dudanarekin jarraituko dut. Nire semeak zer edo zer aldatu nahi badu, aldatu dezala. Baina ez dezadala nik ikusi [barrez].
Lehen, konponketa gehiago egingo zenituzten ezta?
Egun gauza askok ez dute konpontzea merezi ere. Bezeroak aspaldiko ezagunak dira, eta tira, plantxak, portatilak, eta lanparen kristalen aldaketekin badatoz, saiatzen gara konpontzen. Edozer egiten genuen, eta hori izan da gure gakoa. Auzotarrekin harremanak estutzeko balio izan digu.
Aldatuko zenuten zer edo zer azken 50 urteotan!
Bai, noski! Bonbillak, adibidez. Lehen bonbilla goriak ziren, eta orain gehienak dira LED motatakoak. %80 gutxiago kontsumitzen dute eta.
Gertutasun hori mantentzen al da?
Oso gutxi, egia esan. 50-80 urte iraun duten komertzioak zeuden, eta orain ez; orain multinazionalak besterik ez daude, eta jan egiten gaituzte. Gauza txikitxoak ez zaizkie interesatzen, eta zirrikitu horretan irauten dugu guk. Baina gutxiengoa gara.
Beste adibide bat jarriko dizut: zapata konpontzaileak. Jada ez daude! Kasik inon ere ez. Bada, lehen, portale ia guztietan zegoen bat. Denda bakarra geratzen da, Konstituzio plazan sartu eta ezkerretara [Plaza Berria], El Tamboril ondoan. Denak desagertu dira. Liburu bat idatzi beharko genuke, galdu dugun guztiaren inguruan!
Zuen semeak jarraitu du negozioarekin.
Bai, eta eskerrak. Nik jada ezin dut zutik egon. Eserita egon naiteke, baina bestela… Kontatuko banizu zenbat denbora ibili naizen mediku batetik, bestera!
Dominari esker gauza mordoa arituko zara oroitzen, ezta?
Ditudan oroitzapenak, atzera begira besterik ez daude. Lehen asko pentsatzen nuen «zahartzen naizenean hau, eta bestea…», eta, orain, ezer gutxi egin dezaket, eta gogoa kenduta dut. Baina horixe da bizitza!