Zinemaldiak babesa erakutsi dio Itziar Ituñori
Donostiako Zinemaldiak elkartasuna adierazi dio asteazken honetan Itziar Ituño aktoreari, euskal presoen eskubideen aldeko Sareren manifestazioan parte hartzeagatik jasotako kritika eta boikotaren ostean.
Zinemaldiak, sare sozialean zabaldutako mezu batean, adierazi du bat egiten duela Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) gaur argitaratutako agiriarekin, eta elkartasuna adierazi dio Ituñori “eta bere ideiengatik boikota jasaten ari den edozein aktoreri”.
Joan den larunbatean Sarek Bilbon egindako manifestazioan parte hartu zuen Ituñok, beste milaka pertsonarekin batera, eta, horren ondorioz BMW Lurauto kontzesionarioak eten egin du aktorearekin zuen lankidetza, enpresa horren publizitate kanpaina batean parte hartu baitzuen.
Bestalde, Iberiak aktorearen bideo bat ezabatu zuen atzo sare sozialetatik, Ituñok manifestazioan parte hartu ondoren Interneten eskuin muturreko kontuek egindako irain, kritika eta presioaren ondoren.
Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) babesa adierazi dio Ituñori, “preso guztientzat legea betetzea defendatzen duen manifestazio batera joateagatik jasaten ari den eraso kanpainaren aurrean”.
“Pertsona guztien adierazpen askatasuna defendatzen dugu. Horrek barne hartzen du publikoki bat ez etortzea beste pertsona batzuen jarrera ideologiko eta politikoekin”, dio EABk, eta gaineratu du onartezina dela “mehatxuak, irainak eta erasoak jasotzea, Itziar jasaten ari den bezalakoak”.
“Bidegabea iruditzen zaigu norbaiten ibilbide profesionala ahultzeko ekintzak hartzea eta enpresa publiko eta pribatuek artista bati babesa kentzea, profesionalki zigortzea edo boikota egitea, herritar gisa egoki deritzon manifestazio baketsuetara joateko eskubide demokratikoa erabiltzeagatik”, gaineratu du elkarteak.