Club 44k Anden aretoan antolatuko ditu aurrerantzean bere kontzertuak
Travellin Brothers taldearena izango da Club 44k Anden aretoan antolatuko duen lehenengoa.Musikagela Club 44 musikazaleen elkarte donostiarrak hamar urte daramatza Altxerri aretoan kontzertuak antolatzen, baina areto historiko horren itxieraren ostean, euren jardunarekin aurrera jarraitzeko lokalik gabe gelditu ziren urte amaieran. Ordea, dagoeneko aurkitu dute etxe berri bat: Egiako Anden aretoa, Maria Dolores Agirre kalean, Atotxan. Noticias de Gipuzkoa egunkariak eman du lekualdaketaren berri.
Musika beltza ardatz, Club 44k ehun kontzertutik gora antolatu ditu 2013tik Altxerrin, Euskal Herriko zein nazioarteko talde eta musikariekin. Elkarteko bazkideek ordaintzen duten kuotarekin eta kontzertuetara sartzeko kobratzen duten sarrerarekin finantzatzen dituzte kontzertuak, eta proiektu egonkorra da gaur egun, Juan Soroeta sortzaileak hedabide honi iaz azaldu zionez.
Horrela, Anden aretoan antolatu duten lehenengo kontzertua hilaren 27an izango da, eta Travellin Brothers blues eta soul talde bizkaitarrak joko du. Bestalde, aipatu hedabideak argitaratu duenez, beste hainbat kontzertu ere itxita dituzte: Elliot Murphyk eta Oliver Durandek otsailaren 10ean joko dute, martxoaren 9an Mike Farrisek, apirilaren 12an Sarah Lee Guthriek eta apirilaren 20an Martha Fieldsek.

