EHUren Ibaetako campuseko eraikinen egoera salatu dute
Unibertsitateko Indar Batasuna eragileak (UIB) Ibaetako campuseko hainbat fakultatetan itoginak dituztela salatu du sare sozialetan. Zehaztu dute itogin horiek Kimika, Zuzenbidea, HEFA eta Hezkuntza fakultateetan daudela, eta horrek hainbat kalte eragin dituela. Magisteritzan sabaiaren zati bat erori zen, HEFA eta Psikologia fakultateko sabai zati bat ere erori da, eta baita Ingeniaritzako horma zati bat ere. Kimikako laborategi batean, berriz, ke kanpaiak ez duela funtzionatzen azaldu dute.
Azaroan ere salatu zuten Ibaetako campuseko Hezkuntza Fakultatearen “egoera larria” bertan irakasle ikasketak egiten ari diren ikasleek: “Badira aste batzuk ikasturtea hasi zela, eta egoera larria da: hainbat irakaslek lan karga handia eta baldintza kaskarrak dituzten bitartean, ikasle asko ez dira klaseak jasotzen ari, EHU aspalditik egoeraren jakitun izan arren. Egoera honen aurrean beharrezkoa da ikasle zein irakasleok batu eta antolatzea”, adierazi zuen Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) sareetan zabaldutako mezu batean.
Arazo horiez gain, ikasturte hasieratik fakultateko hirugarren solairuko gela batzuetan itoginak zeudela salatu zuten, eta horrela ari direla klaseak ematen, ikasle batek hedabide honi azaldu zionez: “EHUk badaki zein den egoera, baina ez du konpontzen. Eta gure irakasleak ikasgela aldaketa eskatu zuen, baina esan zioten ez dagoela beste ikasgelarik libre; beraz, itoginekin ari gara klaseak ematen”.
Salaketa klaustrora eraman du UIBk, eta arazoei aurre egiteko aurrekontua eginda zutela esan zieten arren, arazoei ez dietela konponbiderik eman salatu dute, itoginek urteak daramatzatelako fakultatean.
🔵 UIB: @UIBnazionala -k adierazitakoaren harira, horrela aurkitzen da Ibaeta kanpuseko azpiegituraren egoera:
— Ibaeta Martxan! (@ibaetamartxan) December 15, 2023
📍Magis https://t.co/FycW6GvK1x pic.twitter.com/tizWmfDOHh