Klik-klak

Bizilagunen aginduetara

Ea, ba. Gaurkoan beste buruhauste bat. Alde bateko bizilagunek eskatu didate kentzeko San Sebastian eguneko dekorazioa (propaganda?). Parekoek, aldiz, mantentzeko. Batzuek, ordea, eskatu dute bandera eta pankartak kentzeko, eta besteek, aldiz, mantentzeko.

Susmoa dut, hiri honetan, bizilagunek asko agintzen dutela gauza batzuetarako. Esan nahi dut, kasu asko egiten diete deitzen dutenean eta esaten dutenean gaztetxe edo taberna horrek zarata handia egiten duela kontzertuak antolatzen dituenean, eta ez dagoela deretxorik mairuak kalean daudelako eta beldurra ematen duelako bertatik pasatzeak. Udaltzainek —susmoa dut—, pozez hartzen dituzte dei hauek, eta agintariek ere pozez hartzen dutela horri aurre egitea.

Baina —noski, beti dator baina bat—, susmoa dut, bizilagunek ez dute horrenbeste agintzen kexak agintarien horren gustukoak ez direnean. Nik zer dakit, La Sirena irekitzeko eskatzean, Plaza Berriari Plaza Berria deitzeko eskatzean, hirian bizi nahi dutela aldarrikatzean, eta abar luze-luze bat.

Zeren, bai, joan den astean beti pozez beti alai, denok bat, jai-larai. Baina urte osoan jarraituko dugu diskriminatzen duten elkarte eta agintariz inguratuta, dena galtzen ari garen sentsazio tristearekin. Martxa honetan San Sebastian bat zeruan, bai, baina Donostiarik ez zaigu geratuko munduan.

HITZAkide HITZAkide