Zazpi kaleratzeren aurkako protesta egin dute Zinema7 hoteleko langileek
ELAk, CCOOk eta LABek osatutako Zinema7 hoteleko enpresa batzordeak SADE taldeak zuzentzen duen ostatu horretako zazpi langileren kaleratzea salatu du, eta justifikaziorik gabea dela uste du. Elkarretaratzea egin dute hotelaren aurrean, kaleratzeen aurka.
SADEk, gaur egun Zinema7 hotela eta Lasala Plaza hotela zuzentzen dituenak, urtarrilaren 23an jakinarazi zien jatetxe eta kafetegi saileko hamahiru langileri lanpostua amortizatu zitzaiela. Erabaki horrek Zinema7 hotelean zazpi langileri eragiten die.
Sindikatuek azaldu duenez, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuaren arabera, sektore hori “inoizko unerik onenean” dago EAEn, eta hotelen okupazioa %10 igo da 2023an Gipuzkoan, hiru milioi ostatu gau inguruko datuak lortuz. Aldiz, SADEk datu ekonomiko negatiboak eta defizitarioak argudiatu ditu Elikagaien eta Edarien saileko egungo negozio ereduan. Enpresa Batzordearen iritziz, “erabat datu akastun eta lerratuak” dira horiek.
Egungo kafetegia eta jatetxe zerbitzua kanpo faktoreetara eta faktore orokorretara zein ziurgabetasun egoera berrietara egokitzeko beharra defendatzen du enpresak (Ukrainako gerra edo inflazioa adibidetzat jarriz). Aldiz, Enpresa Batzordeak uste du guztiaren atzean “eraiste maniobra bat” besterik ez dagoela, “zeinak helburu gisa duen SADE taldearen onura ekonomikoa neurri handiagoan handitzea”.
Enpresa Batzordearen ustez, ez dago “arrazoi errealik” enpresak hartutako neurria justifikatzeko: “Sinetsarazi nahi digute jatetxe eta kafetegiaren sailak ez duela behar bezala funtzionatzen, eurek direnean sailaren aldeko apustua egiten ez dutenak. Gure ustez, argi dago ezinbesteko pieza dela hotel osoaren funtzionamendu egokian. Gainera, denboraldi baxuko garaietan ere, auzoaren beharrak asetzen dituen zerbitzua eskaintzen da bertan. Horixe da Amarako ohiko bezeroek adierazten digutena”, adierazi dute.
Horregatik guztiagatik, SADE taldeak hartutako erabakia publikoki salatzeko eta euren lankideak berehala lanera itzul daitezen aldarrikatzeko mobilizazioei ekin diete.