Bihar irekiko dute Elias Kerejeta Zine Eskolako ikasturte berriaren izen ematea
Elias Kerejeta Zine Eskolako graduondoko hiru programetan onartuta izateko epea otsailaren 1ean hasi eta 29an amaituko da. Halaber, onarpen prozesuarekin lotutako zalantza guztiak argitzeko, otsailean zehar hiru informazio saio egingo dira. Lehenengoa, aurrez aurrekoa, ostiralean, hilaren 2an, izango da, Tabakaleran. Izen ematea beharrezkoa da.
Beste bi topaketak online izango dira, eta hilaren 12an eta 19an egitea aurreikusita dago. Informazio saioei eta horietan izena emateko moduari buruzko informazio guztia ikastetxearen webgunean dago jasota.
Hautagaiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Ibermediaren bekak lortzeko aukera izan dezakete. Plaza kopurua gehienez 15 ikaslekoa izango da espezialitate bakoitzeko, 45 plaza guztira. Ekainaren lehen astean jakinaraziko da graduondoko hiru programetako bat (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza) egiteko aukeratutako pertsonak zein diren.
Ikastetxeko webgunearen bidez bakarrik izapidetu ahal izango da izen ematea, otsailaren 1etik aurrera eskuragarri egongo den formulario baten bidez. Webgunean, halaber, aurkeztu beharreko dokumentazioari, ebazteko epeei eta ikasleentzako bekei buruzko beharrezko informazio guztia aurki daiteke.