EH Bilduk Udal Energia Bulegoa martxan jartzearen apustua egiten du
Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak, prentsaurreko baten bitartez, Udal Energia Bulegoaren sorrera eta horren funtzionamendurako beharrezkoak diren zerbitzuen eta baliabideen aktibatzea “premiazkoa” dela gogorarazi du, eta administrazio publikoaren ardura dela nabarmendu du.
2023ko azaroan EH Bilduk mozio bidez proposatu zuen Udal Energiaren Bulegoaren sorrera onartua izan zen. Denbora honetan “urratsik ez da eman” eta Ormazabalek Udal Gobernuari baliabideak martxan jartzeko eskatu dio.
Zinegotziak administrazio publikoak “aitzindaria eta eredugarria” izan behar duela nabarmendu du, eta “baliabide iraunkor eta berriztagarrietan” oinarrituko den ekoizpen eta kontsumo eredu berri batera moldatzeko beharra dagoela azaldu du. Horretarako, “energia sektorea demokratizatu” egin behar dela aldarrikatu du.
Ormazabalek energia berriztagarrien apustuak “lankidetza publiko-komunitarioa” eskatzen duela azpimarratu du eta balioan jarri ditu norabide horretan eragin nahi duten herri ekimenak: Igeldoko Kooperatiba Energetikoa eta Añorgako eguzki plaken lehen instalazioa aurkeztu berri duen Añargi energia komunitatea.
Azpiegiturak eta baliabideak jarri bitartean, EH Bilduk zerbitzu publiko berri honek izan beharko lituzkeen helburuak azaldu ditu, besteak beste: kontsumoaren murrizketa, herritarrei zein enpresei gaiarekiko ezagutza hurbiltzea, aholkularitza zerbitzua eskaintzea, tokiko energia komunitateak sortzeko laguntza eskaintzea eta laguntzen informazioaren berri ematea.