Inude eta artzainak, auzoz auzo
Inude eta artzainen festa igandean egingo dute, kaldereroen jaiaren biharamunean. Inude eta artzainen lehen konpartsa 1885eko otsailaren 2an atera zen kalera, Kandelario egunez. Handik gutxira, ordea, jaia desagertu egin zen, eta gerora, Kresala elkarteak berpiztu zuen 1977an. Igande honetan, berriro aterako dira inudeak eta artzainak kalera, eta Sarriegiren doinuekin dantzatuko dira.
Ohiko legez, Kresalakoak ibiliko dira Parte Zaharreko kaleetan barrena: 12:00etan abiatuko dira elkartetik bertatik, eta auzoko kaleetatik desfilatu ostean, Plaza Berrian egingo dute antzezpen nagusia, 13:00etan. Ondoren, desfilearekin jarraituko dute, 14:00ak aldera elkartean bukatzeko.
Grosen, Artaiñu konpartsako artzain eta inudeak arituko dira kaleak girotzen. 11:15ean aterako dira Txofre kaletik, eta auzoko kaleak zeharkatu ondoren, 12:30ean emanaldia eskainiko dute Katalunia plazan. Ondoren, desfilatzen jarraituko dute, 14:30ean Artetxe Jenerala kalean bukatzeko.
Ikasbide ikastolako inude eta artzainak ere kalera aterako dira igandean, eta Loiolako Erriberako eta Amara Berriko kaleetatik ibiliko dira, 11:30etik 14:00etara. Ikasbide ikastolatik aterako dira, eta auzoko kaleetatik pasatu ostean, Gregorio Ordoñez kalean dantza egingo dute. Emanaldiari Probestu plazan emango diote bukaera.
Bestalde, Antiguan hurrengo asteburuan ospatuko dituzte inude eta artzainak, hilaren 10ean, 11:30etik 13:00etara. Alfontso XIII. plazatik abiatuko dira, Benta Berri plazan geldialdia egingo dute, eta baita Jose Maria Sert plazan ere. Berriro Benta Berritik pasatuko dira, eta geldialdia egingo dute bigarrenez. Hasiera bezala, amaiera ere Alfontso XIII. plazan emango diote ekitaldiari.
Konpartsa guztien ibilbideak eta ordutegiak hemen kontsultatu ditzakezue.