Irakaskuntza itunduko greba bertan behera geratu da aurreakordioa lortu ondoren
Ikastetxeetako grebalarien manifestazioa, Donostian Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetako langileek egin behar zituzten bost greba egun berriak bertan behera geratu dira, ELA, CCOO, UGT eta Steilas sindikatuek, goizalde honetan, patronalarekin akordioa lortu ondoren. LAB sindikatuak grebak bertan behera uztea babestu du; baina, hitzarmenarekin ez datorrela bat nabarmendu du: hitzarmenak ez du jasotzen soldatak sektore publikoko langileenekin parekatzea. Datozen hilabeteetan, neurri berriak negoziatu eta adostuko dira.
Hurbilketa hori 14 eguneko geldialdien ondoren iristen da, greba egun berri baten atarian. Akordioak, erosteko ahalmena bermatzen du, lan kargak murrizten ditu eta lanpostuak mantentzen ditu. Hitzarmen sektoriala duela hiru urte iraungi zen, eta ordutik hainbat bilera eta 14 greba egun egin dira.
Ikastetxe itunduen jabeek eta sindikatuek %16ko soldata igoera adostu dute 2021-2024 aldirako, eta, beraz, hitzarmena berritu ez zen azken hiru urte hauetan, langileek galdu zuten erosteko ahalmena berreskuratzea lortu dute. Lan kargak arintzeko neurriak ere hartzen ditu akordioak. Horrez gain, irakasleen jardunaldiak gutxienez ordubete murriztuko dira etapa guztietan irakasle bakoitzeko, eta gutxienez beste ordu osagarri bat ere izango dute irakasleek.
Hitzarmenaren arabera, lanaldia 25 ordukoa izango da administrazioko eta zerbitzuetako langileentzat. Irakasle ez tituludunentzat eta haur hezkuntzako lehen zikloko irakasleentzat eta hezkuntza laguntzako langileentzat, 20 ordukoa. Azkenik, haur hezitzaileena, 38 ordukoa izango da.
Adostuko diren neurri berriek kategoria berrietako lanpostuak sortzeko balio izango dute. Neurri horiek, era berean, hizkuntzaren gaitasuna eta euskara indartzeko, ikasleentzako arreta hobetzeko, hezkuntzak behar duen berrikuntzan sakontzeko, kudeaketa hobetzeko eta lan kargak murrizteko izango dira.

