Emakumeak Zientziaren astea hasi da
Hasi da 8. Emakumeak Zientziaren astea 60 ekintza baino gehiagoko programa zabalarekin. Otsailaren 8tik 16ra bitartean hainbat ekitaldi eta jarduera egongo dira Donostian, besteak beste: mahai inguruak, tailerrak, bisitak, hitzaldiak eta aurkezpenak. Hainbat jarduera orokorrak dira, beste batzuk, ordea, familiei, gazteei edo 55 urte gorako emakumeei zuzenduak daude. Jarduera programa webgunean eskuragarri dago, eta ekintzetan parte hartzeko izen ematea derrigorrezkoa da.
Hogeita hamabi euskal erakundek, bat egin dute Emakumeak Zientzian proiektuarekin, eta, hala, ekimenaren helburuekiko konpromisoa berretsi dute: “zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea”. Helburu horiek kontuan hartuta, erakundeek indarrak batu dituzte jarduera programa bat elkarrekin antolatzeko, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta —otsailaren 11n—.
Zientziaren alorrean, beste hainbatetan bezala, “bikaintasun estandarrak aldatzea” eskatzen da gaur egun, eta “alde batera uztea” oso zabaldua dagoen kontzeptu bat, zeinaren arabera lanbide bokazioak denbora gutxi uzten baitu familiarako, aisiarako edo garapen profesionalerako. Izan ere, “zientziaren eta teknologiaren alorreko zenbait pertsona protagonista dituen kanpaina bat jarriko dugu abian zientziaz haragoko bizitza ardatz hartuta. Ez dugu nahi denera iristen den superheroirik, ezta arrakasta lortzeko gainerakoari uko egiten dionik ere. Bizimodu errealak dituzten pertsonak dira, beren karrera profesionalean oreka lortzen saiatzen direnak”, gehitu dute Emakumeak Zientzian proiektuko antolatzaileek.
Jarduerak
Ikasleek ikerketa zentroetara egin ohi dituzten bisitez eta tailerrez gain, aurten ere Eskolara itzulera jarduera errepikatuko da. 60 emakume ikertzaile baino gehiago joango dira ikastetxeetako ikasgeletara beren esperientziak kontatzera eta ikasleen artean bokazio zientifikoa pizten laguntzera. Halaber, 55 urtetik gorako emakumeentzako tailerrak antolatu dira, emakume helduek kulturaren transmisioan duten zeregina balioesteko. Esperientziaren boterea izenburua du ekintza horrek, eta zazpi ikerketa zentrok hartuko dute parte; beren ateak irekiko dituzte egiten duten ikerketa ezagutarazteko, eta, edozein lekutan egiteko moduko zenbait esperimentu labur eta errazen bidez, kultura zientifikoa familietara eta gure inguruneetara zabaltzen saiatuko dira. Era berean, zientzia eta teknologiaren esparruko kolektiboari zuzendutako mahai inguruak egingo dira; baita gazteenentzako mahai inguruak ere, ekintzailetzan sakontzeko eta emakume ingeniariak ezagutzeko.