Mugikortasun murriztua duten pertsonek aparkatzeko plaza libre duten jakin ahal izango dute, denbora errealean
Sagueseko aparkalekuaInaxio Esnaola Donostiako Udalak TAO eremuan mugikortasun murriztua duten pertsonentzako aparkalekuak (PMR plazak) monitorizatzeko sistema bat jarri du martxan. Horrela, plaza horien erabiltzaileek denbora errealean jakin ahal izango dute mugikorraren bidez erreserbatutako 353 espazio horien okupazioa, haietara joan aurretik.
Proiektu honen helburua “mugitzeko zailtasun gehien duten pertsonei aparkatzeko aukera erraztea” da, aparkaleku erreserbatua aurkitzeko aukera gehien duten eremuak hautematen lagunduz eta, horrela, bilaketa trafikoak murriztea ahalbidetuz, kutsadura txikiagoa eraginez. Udalak azaldu duenez, sistema horri esker, plaza horien okupazioa jakin daiteke uneoro; izan ere, “ibilgailu baten presentzia detektatzeko aukera ematen duten sentsoreak instalatu dira zoladuran”, eta datuak zentralizatzen eta denbora errealean argitaratzen dira Donostia Transport eta elParking aplikazioetan, bai eta udalaren webgunean ere.
Horrela, Donostiako Udala da “herritarrei zerbitzu hori eskaintzen dien estatuko lehen hiri handia”. Sentsoreak instalatzeko eta sistema mantentzeko lanak Estacionamientos y Servicios (EYSA) enpresarekin batera egin dira, hirian TAO kudeatzeko zerbitzuaren esleipenduna baita, eta datuak zentralizatzeko aplikazioa Urbiotica enpresari dagokio.


