Zein da zure inauterietako mozorro gogokoena?
Ilazki euskaltegia. Ezkerretik eskuinera, Juankar Sanz, Arantxa Zubiarrain, Heren Outeiral, Maddi Saez eta Markos Garcia.Andrea Bosch Aste honetan Plaza Berrian dagoen Ilazki euskaltegiko ikasleei galdetu diegu zein den haien inauterietako mozorro gustukoena. Irakurri hemen erantzunak:
Juankar Sanz (Gros): «Lehen, beti mozorro berbera janzten nuen: Dracula kondea. Oso erosoa. Kapela eta txaleko beltzarekin»
Orain nire alabak helduak dira eta normalean ez dut mozorrorik janzten. Baina, lehen, beti mozorro berbera janzten nuen: Dracula kondea. Oso erosoa eta oso erraza zen mozorroa. Kapela eta txaleko beltzarekin eta nahikoa, besterik ez nuen janzten. Aurten ez dut mozorrorik jarriko eta
datorrenean ikusiko dugu.
Arantxa Zubiarrain (Altza): «Duela 20 urte, hippyaren mozorroa janzten nuen. Asko gustatzen zait bere bizimodua»
Nik, duela 20 urte, hippyaren mozorroa janzten nuen. Asko gustatzen zait bere bizimodua. Horregatik erabaki nuen nire lagunarekin mozorro hori janztea. Gaur egun ez naiz mozorrotzen, baina asko gustatzen zait. Nire alabari eta semeari asko gustatzen zaie, baina nire senarrari ez zaio gustatzen. Realeko arropa janztea gustatzen zaio semeari eta alaba printzesaz mozorrotzen da.
Heren Outeiral (Gros): «Ni gizona izango naiz Realeko bufanda batekin, garagardo batekin eskuan eta aurpegi erdia bizarrarekin»
Nire mozorroa familia tradizional bat izango da. Bi lagun izango dira eta emakume eta gizon gisa aterako gara kalera, panpinazko hiru umerekin eta txakurrarekin. Ni gizona izango naiz Realeko bufanda batekin, garagardo batekin eskuan eta aurpegi erdia bizarrarekin eta beste erdia ez. Honekin ez dugu inor mindu nahi; tradizioaren apurketa da.
Maddi Saez (Intxaurrondo): «Nik egiten ditut beti nire mozorroak eta harro nago. Animaliak gustatzen zaizkit eta umorezkoak aukeratzen ditut»
Nik ez dut mozorro gogokorik, asko inprobisatzen dudalako. Nik egiten ditut beti nire mozorroak eta harro nago hortaz. Animaliak gustatzen zaizkit eta umorezkoak aukeratzen ditut, adibidez, barraskiloa edo saguzarra. Baita landareak edo kaktusa ere. Beti koloretsuak eta dibertigarriak egiten saiatzen naiz, eta etxeko gauzak erabiltzen ditut.
Markos Garcia (Intxaurrondo): «Gizona dortoka bihurtu zen aste oso baterako eta plaza pixkanaka zeharkatzen zuen»
Tolosako inauteriak beti izan dira eredu. Izan ere, han mozorroak bizitzen dituzte eta hori deigarria iruditzen zait. Gizon bat gogoratzen dut. Gizona dortoka bihurtu zen aste oso baterako. Bere bizitza dortoka izatea zen. Plaza pixkanaka-pixkanaka zeharkatzen zuen eta dena horrela egiten zuen. Horrelako joera deigarria iruditzen zait eta eredu hartu beharko genuke.

