Sardina erreta, akabo inauteriak!
Sardinarenak egin du aurten ere, eta bukatu dira inauteriak. Ohiko legez, hileta martxa egin dute hamarnaka lagunek astearte iluntzean Erdialdeko kaleetatik, Joselontxos eta Pasai txarangek interpretatutako Raimundo Sarriegiren Sardinaren ehorzketa-martxa erdi serioa-ren (1886) erritmora. Ez dira faltatu negarrak, dantza eta, batez ere, jai giroa.
Akerbeltzak irekitzen zuen desfilea, eta sorginak, eskeletoak, magoak, mojak, apaizak Aita Santuarekin, aingeruak, deabruak, garezurrak eta alargunak zihoazen atzetik, tartean sardina bera eta Momo Jainkosa zituztela. Dantza eta negar egiteaz gain, aingeruek sardina babesten zuten bitartean, deabruek ikusleak zirikatzen zituzten, eta magoek Akerrak adarrak okerrak ditu leloa behin eta berriro errepikatzen zuten.
Hainbat konpartsatako kideek hartu dute parte Sardinaren ehorzketan: Dance Factory, Karmelo Txiki, Coco Dance, Erriberatarrak, Mystic, Mi Nuevo Potosi, Lagun Artea, Titanes, Thamessis, Fama, Showtime, Boveda, Alegria de Alza, La Salle eta Toxic. Horiez gain, larunbatean egin zuten moduan, presente egon da Manteoko Basque Culinary Centerren proiektuaren aurkako protesta.
Alderdi Ederrera heltzean, deabruak ahalegindu dira sardinaren erreketa ekiditen, baina aingeruek ondo babestu dute sardina, eta Momo Jainkosak, aurten Showtimeko Mabel Vidalek gorpuztutakoak, su eman dio; Olinpora itzuli da dagoeneko Momo, baina hurrengo urtean berriz egongo da Donostian, inauterien festa lehertu dadin. Amaieran, denek elkarrekin Sarriegiren Sardinaren ehorzketako valsa dantzatu dute.
Sardinarenak egin badu ere, gogoratu behar da inauteriak ez direla guztiz bukatu Donostian, asteburuan, besteak beste, desfilea egingo baitute Loiolako Erriberan eta Eltze Festa Altzan. Eta hurrengo asteburuan Bidebietara iritsiko dira karrozak. Egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue. Hala ere, asteburu indartsua pasa den asteburua izan zen, askotariko jarduerak egon baitziren hirian: dibertimendua Añorgan, euskal inauteriak Grosen, Gero Axular dantza taldearen ikuskizuna Erdialdean, goiztiriak, inude eta artzainak Antiguan, eta abar.
Jarraian, Sardinaren ehorzketako bideoa eta irudi bilduma: