Nekane Aranburu Galarraga Egiako bizilagunak jasoko du Urrezko Sardina
Donostiako inauterietako konpartsak asteazkenean bildu ziren, eta erabaki zuten Nekane Aranburu Galarraga Egiako bizilagunari ematea 2024ko Inauterietako Urrezko Sardina, “Donostiako jai egutegiko jarduera guztietan balkoian egiten duen dekorazioagatik”. Latorrizko Arrain Hezurraren saria hutsik geratu da.
Egiatarrak jai guztien bueltan apaintzen du bere balkoia, baita modu ikusgarrian apaindu ere: Gau Beltzaren bueltan kalabaza, eskeleto eta garezurrekin, Gabonetan Olentzerorekin eta bestelako pertsonaiekin, sansebastianetan danborrari handi batekin, kaldereroetan zartagina jotzen duten bi figura handirekin, eta abar.