Giro ederrean ospatu dituzte kaldereroak Antiguan
Inauteriak iragartzera etorri ohi dira kaldereroak Donostiara, eta, hain zuzen ere, auzo gehienetan otsaileko lehenengo asteburuan ospatu zituzten, inude eta artzainen asteburu berean. Baina zergatik ospatu dena asteburu batean jaia denboran luzatu badezakezu? Antiguan argi daukate hori, eta inauterien asteburua pasatuta ere, larunbat honetan ospatu zituzten kaldereroak. Horrela, jai jarduerarik gabeko asteburu bat topatzea zaila izaten ari da Antiguan azkenaldian: sansebastianak, auzoko jaiak, inude eta artzainak, kaldereroak… Antiguan badakite ondo pasatzen.
Kaldereroak larunbat iluntzean abiatu ziren Bentaberritik, 20:30ak aldera, eta ehun bat lagun, haurrak zein helduak, auzoko kaleetatik ibili ziren Raimundo Sarriegiren doinuak zartagin eta mailuekin joz, jai giro ederrean. Ia gauerdian amaitu zuten martxa, eta batek baino gehiagok gaueko ordu txikietara arte luzatuko zuen jaia, ziur.
Jarraian, Joseba Parron San Sebastian argazkilariak egindako irudi bilduma ikus dezakezue: