Greba mugagabeari ekin diote anbulantzietako langileek
Anbulantzia gidarien elkarretaratze bateko artxiboko argazkia.Iñaut Gonzalez de Matauko Rada Osasun garraioko langileek greba mugagabeari ekin diote gaurkoan, ELA, LSB, USO, LAB, UGT CCOO eta ESK sindikatuek deituta. Anbulantzietako langileek Osakidetzako langileekin homologatzeko eta galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko eskatu dute; izan ere, hitzarmena negoziatzen ari diren bi urteetan galera %17 izan da.
Enpresak proposamen bat helarazi zien pasa den ostiralean, baina sindikatuek ez zela nahikoa greba bertan behera uzteko salatu zuten. Enpresak egindako proposamenean soldata igoera kontuan hartzen zen, baina sindikatuek adierazi zutenez, proposamenak ez zuen “baimenez eta familia eta lana uztartzeaz hitz egiten”. Sindikatuek lan baldintza guztietan lortu nahi dute homologazioa Osakidetzako langileekin.
Pasa den hilabetean bi asteko greba egin zuten langileek eta oraingoan greba mugagabea bada ere, eskakizuna ez da aldatu. Ezta enpresaren posizioa ere: ELA sindikatuak enpresak ez duela “borondatetik” aldarrikapenak entzuteko azaldu du eta Osasun Sailaren gelditasuna eta hitzarmenaren negoziazio mahaiak sufritzen ari duen “blokeoa” salatu du.
Halaber, ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritzak % 100eko zerbitzu minimoak ezarri dituela azaldu du, 1.700 langileren grebarako eskubidea galaraziz, eta sindikatuak “patronalaren interesak” defendatzea egotzi dio Eusko Jaurlaritzari.

