Fermin Kalbeton kaleko sutearen ondorioz, bi familiek gaua hotel batean igaro behar izan dute
Parte Zaharreko Fermin Kalbeton 15. zenbakian dagoen Zumeltzegi jatetxean sutea piztu zen atzo, eta, horren ondorioz, hainbat bizilagun ebakuatu behar izan zituzten. Udalak jakinarazi duenez, sei familietatik lauk etxera itzuli ahal izan zuen bart, baina beste bik ez, eta ostatu eman zaie hiriko hotel batean, gaur itzuli ahal izango duten edo ez ebatzi arte.
Sua 12:30ak aldera piztu zen, Zumeltzegi jatetxeko frijigailuak su hartu ondoren, eta nahiz eta langileak sua itzaltzen saiatu ziren, sukaldea hartu eta taberna erretzen hasi zen. Udaltzaingoa, suhiltzaileak, osasun zerbitzuak bertaratu ziren, eta eremua itxi zuten hiru bat orduz, sua kontrolatu arte. Jatetxeko bi langile ospitalera eraman dituzte kea arnasteagatik.
Kalte materialei dagokionean, jatetxearen sukaldeak eta tabernak eragin handia izan dutela jakinarazi dute eta etxearen eskaileraren lehen zatiak eta azken solairuko etxebizitzek ere kalteak dituzte.
Ez da auzoko taberna edo jatetxe batean halako gertakari bat jazotzen den lehenengo aldia. Azken sute esanguratsua, hain zuzen ere, abenduan gertatu zen, Senra tabernako sukaldean. Horren ondorioz, Abuztuak 31 kaleko bi ataritako bizilagunak euren etxeetatik atera behar izan zituzten, eta hainbat egun igaro zituzten etxetik kanpo, eraikinaren egoera aztertzen zuten bitartean. Hain zuzen ere, kalte estrukturalak pairatu zituen eraikinak orduan.
Horren harira, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak udalari eskatu zion tabernetako suteen aurkako prebentzio neurriak hartzeko: “Etxebizitza askok zurezko egitura dute, eta horien azpian 200 ostalaritza establezimendu daude”, nabarmendu zuten. Era berean, ordura arte zenbatu zituzten suteen berri eman zuten: “Segurtasun baldintzak kontrolatzen direla esango digute, baina ez gara horretaz fidatzen. Elkarteak hamalau sute zenbatu ditu: Ganbara, Txuleta, Txalupa, Sirimiri, Atari, Portaletas (bi aldiz), Anbigu, Haizea, Tiburcio, La Colchoneria, Astelena, Janito Kojua eta Senra zaharrean (bi aldiz)”.