Intxaurrondok izan duen zabalpena izango dute mintzagai hilaren 27an Intxaurrondo Kultur Etxean
Intxaurrondok izan duen zabalpena izango dute mintzagai hilaren 27an, 18:00etan, Intxaurrondoko kultur etxean. Tokia Kontatu proiektuaren bidez antolatu dute solasaldi hori, eta Politki elkarteak Intxaurrondo Zaharreko Auzo Elkartearekin eta Lauaizeta ikastolarekin elkarlanean sustatutako ekimena da. Ekimen honekin kohesioa sustatu nahi dute Intxaurrondon, belaunaldien arteko jarduera parte hartzaileen bidez.
Proiektuaren helburuetako bat auzoko pertsonentzat topaguneak sortzea da, irekiak, anitzak eta komunitate sormenera bideratutakoak. Tokiko istorioak ere jaso eta plazaratu nahi dituzte, belaunaldi gazteenak bizi diren lurraldearekin lotu daitezen sustatzeko. Horretarako, Lauaizeta ikastolako DBH 2ko ikasleak lanketa bat egiten ari dira, eta Intxaurrondoko Aitona-Amonen Etxeko eta Intxaurraldeko kontalariak elkarrizketatu dituzte.
Topaketa horien helburua auzoan bizitako pasadizo eta kontakizunak jaso eta balioan jartzea da. Horrela, gazteek Intxaurrondoko bizimodua duela 50, 60, 70 urte edo gehiago nolakoa zen zuzenean entzun eta landuko dute.