Parte Zaharreko bizilagunek udalari Zumeltzegi tabernako suteari buruzko galderak egin dizkiote
Suhiltzaileak, sua itzaltzen.Donostiako Udala Zumeltzegi tabernako sutearen ondorioz, Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteko kideek Donostiako Udalari erantzukizunak eta hainbat galdera egin dizkio, elkarteak zabaldu duen ohar baten bitartez.
Parte Zaharreko Fermin Kalbeton 15. zenbakian dagoen Zumeltzegi jatetxean sutea piztu zen astelehenean, eta, horren ondorioz, hainbat bizilagun ebakuatu behar izan zituzten. Hala ere, elkarteko kideek kalte pertsonalik ez egoteak ez duela auzokideen “larritasuna eta kezka” murrizten diote; izan ere, auzoko eraikin eta etxebizitzek egurrezko egiturak dituzte eta 200 establezimendu daude. “Gaur egun ez dakigu zein baldintzatan dauden lokal horiek, haien jarduera zein den eta bertan zer gordetzen duten”, diote Parte Zaharreko bizilagunek.
Horregatik, ikerketen ondorioak publikoak izan daitezen, elkarteak udalari eskatzen dio ikuskapen protokoloak zabaldu ditzan, udalaren balantzeak ezagutzeko, eta baita, zenbat espediente irekiko dituen jakiteko ere.
Elkarteak establezimenduen egoeren “ikusketak soilik salaketa tartean dagoenean” egiten direla ohartarazi du, eta horregatik, suhiltzaileen txostenek zer dioten jakin nahi dute bizilagunek. Halaber, udalak eskaintzen dituen baliabideen inguruko informazioa eskatu dute, kontuan izanda ostalaritzako establezimenduen kopurua eta etxebizitzen azpiko biltegien kantitatea nabarmena dela. Oharrean zehaztu duten arabera, 29 biztanleekiko establezimendu bat dago eta ondorioz, “ostalaritzaren interes pribatuak auzotarren segurtasunaren gainetik” daudela salatu du elkarteak.
Ezaugarri morfologiko bereziak dituen auzo hau, ostalaritzako establezimenduz “gainezka” dagoela azaldu dute, eta hortaz, udalak ezin duela hiriko beste auzoekin konparaketa egin nabarmendu dute bizilagunek.

