Neu Troiaren pop-psikodelikoa, 'Arriskuaren xarma' diskoan
Neu Troiaren lehen lan luzea argitaratu dute gaur Arriskuaren Xarma izenpean, Donostiako Balio Dute kolektiboarekin. Julen Azkonak (Iruñea, 1993) abiatutako bakarlari proiektuari lagun berriak batu zaizkio: Gorka Gabilondo (Donostia, 1994) teklatuan eta ahotsetan, Xabier Matxain (Añorga, 1994) gitarran eta baxuan eta Iker Vazquez (Donostia, 1994) baterian eta perkusioetan.
Imajinatu Kerobiakoak eta Izaki Gardenakekoak Woodstock jaialdian, behar baino estupefaziente gehixeago probatuta, bidaia psikodelikoa abiatu dutela. Emaitza hipotetiko horretatik gertu dago Neu Troiaren lan berri hau. Zentzumenen arteko bidaia psikotropikoa, belarretan etzanda entzuteko modukoa, inolako presarik gabe, inolako pretentsiorik gabe, lasaitasunaren alde. 1980ko soinuak molde garaikideagoekin nahastu dituzte, denboraz kanpoko disko berezi hau sortzeko.
“Metamorfosi moduko” bat da honakoa taldearentzat. Horren atzean dagoen arrazoi nagusietako bat Jon Aguirrezabalagaren eskua da, diskoaren grabaketan, nahasketan eta ekoizpenean parte hartu baitu (El Tigre estudioa, Bilbo). Azkenengoz, Alex Ferrer izan da masterizazioa garatu duena Bartzelonako The Groove estudioan.
Talde formatuan eskainiko duten lehen kontzertua Dabadaban izango da apirilaren 13an, Bananas talde donostiarrarekin batera. Kanta hauek akustikoan entzun nahi dituenak, Birunda espazio autogestionatuan izango du aukera, gaur arratsaldean, 19:00etatik aurrera.