«Oztopoei aurre egin behar zaie, amak egin zuen moduan»
Mari Karmen Pilartek (Amara, 1933) lehenengo Lilatoian parte hartu zuen emakume horietako bat izan zen. Lotsez eta pozez, bere alaba Marijo Rubio Pilarte (Amara, 1965) lasterketan ordezkatu zuen, orkatila apurtzeagatik ezin izan zuelako parte hartu. Aurreko azaroan hil zen Mari Karmen eta bere alabak bere istorioa gorpuztu du, aurtengo Lilatoian amaren omenez parte hartuz eta IRUTXULOKO HITZAn haren memoria berpiztuz.
Mari Karmen Pilarte bere etxeko sukaldean.Bere alabak erakutsitakoa Zure amak Lilatoiko lehenengo urtean, 1990ko martxoaren 4an, parte hartu zuen. Nola bizi izan zenuen egun hura?
Lilatoian parte hartu behar zuena ni nintzen, baina orkatila hautsi nuenez, ezin izan nuen lasterketan korrika egin. Antza, amak nolabaiteko ardura sentitu zuen eta 57 urterekin, kirolaria izan gabe, lasterketan nire ordez korrika egin zuen, edozein txandal jarrita, pozik.
Zuk eskatu zenion zure ordez parte hartzeko?
Nik lagunei eskatu nien lehendabizi [barrez] baina denek ezetz esan zidaten. Espero nuen azkeneko pertsona bertan nire ama zen. Etxekoandrea zen eta ez zuen aurretik horrelakorik egin, baina tira, hori da berak erabaki zuena eta izugarrizko plazera sentitu nuen ama hor ikustean, emakume horien artean.
Ama nola sentitu zen?
Pozez bizi izan zituen aurreneko egunak, baina hurrengoak, aldiz, lotsez. Egunkarian albistea agertu zen eta bere adina aipatu zutenez, ama ridikula sentitzen zela zioen, helduegia zela hori egiteko eta aitak arrazoi izango zuela pentsatu zuen.
Aitak?
Aita izugarri haserretu zen amarekin. Besteek zer esango zuten beldur, eta auzoan bizilagunek bere emaztea feministen lasterketan parte hartu zuela esango zutela zioen. Hurrengo urteetan gaiari buruz etxean ez genuen hitz egin, baina nik harrotasun handia sentitzen nuen eta nire amak meritu handia izan zuela pentsatu izan dut beti.
Zuk emango zenion amari indarra, baita ere…
1984. urtean, Amarako jaietan lasterketa antolatu zen eta lagun batek animatuta, beste auzotar bati parte hartzeko eskatu nion eta hara joan ginen auzoko bi emakume.
Saria irabazi genuen beste emakumerik ez zegoelako eta nik lotsa handiarekin bizi nuen saria jasotzeko momentua. Amak ez ninduen erabakian babestu.
Urte horretan ez ninduen sostengatu, eta horregatik, Lilatoiko lehendabiziko urtean parte hartzea erabaki ostean ezin izan nuenean parte hartu, berak erreparazio modukoa sentituko zuen eta nire ordez korrika egiteko ardura hartu zuen.
Ikasketa bi norabidekoa izan zen, elkarren artekoa
Bai, ziurrenik bai. Nik harrotasun handiz bizi izan nuen nire amak lehenengo Lilatoian parte hartu izana, eta berari baita ere bere buruhausteak eta ikasketak ekarriko zizkion auzoko jaietako lasterketan ni lehen emakumea izateak.
Lotsez bizi izan zenuten amak eta zuk egoera berdina. Nola egin zenioten aurre?
Egiten. Nik 1984ko jaietako egoera horrenbeste lotsez bizi izan nuenez, ostean etorri ziren auzoetako lasterketetan ez nuen parte hartu nahi izan, nahiz eta Egiako eta beste auzoetako kideek eskatu zidaten. Baina izugarrizko eragina izan zuen niregan sari banaketan bizitakoak, eta ez nituen berriz besteen begirada eta muzin aurpegiak jasan nahi.
Amak antzeko bizi izan zuen, emakumeok lehia eremuan sartzeak hori zekarrelako. Baina egin genuen, biok. Eta ziur naiz horrek besteekiko zerbait suposatu zuela, onerako, eta hurrengo urteetan eta hamarkadetan egoera horrenbeste aldatu izanaren parte da nire ama, nahiz eta urte horretan soilik parte hartu izan.
Nik harrotasunez bizi izan nuen nire amak lehenengo Lilatoian parte hartu izana, eta berari baita ere bere buruhausteak ekarriko zizkion auzoko jaietako lasterketan ni lehen emakumea izateak.
Marijo Rubio Pilarte, Lilatoiko korrikalaria
Hurrengo urteetan zer gertatu zen?
Ez genuela etxean gaia inoiz landu eta ez zen hortaz hitz egin. Gaia tabu izatera pasatu zen, eta aitaren aurrean inoiz ez genuen honetaz hitz egin. Lau anaia ditut, eta beraiek ere inoiz ez dute hau partekatu. Honek gero beste emakume batzuek parte hartzeko balio izan zuen, eta nire amak esfortzu hori egin izanak balio handia izan du, nahiz eta etxean ez zaion behar beste errekonozitu.
Aurten zuk parte hartuko duzu?
Bai. Zailtasunak dituzten pertsonekin lan egiten dut, eta talde honetako emakumeekin korrika egingo dut. Beste herrialdeetakoak diren lauzpabostekin elkartuko naiz eta elkarrekin egingo ditugu bost kilometroak.
Amaren omenez egin nahi dut lasterketa aurten.
Zer sentitzen duzu?
Harrotasuna. Donostian 1933an jaio zen emakumea zen: etxekoandrea, kirolaria ez zena, inoiz korrika egitera ere atera ez zena. Eta hara non, feministek antolatzen zuten emakumeen lehen lasterketan parte hartu zuen, bere alabak ezin zuelako.
Nik uste dut ama oso ausarta izan zela, eta hori egiteak, garai haietan, meritu handia zuela.
Bere omenez egingo duzu Lilatoia aurten?
Dudarik gabe. Aurreko urteko azaroan hil zen gure ama, orain dela hiruzpalau hilabete. Gaur hemen egotea bere istorioa azaltzen eta martxoaren 3ko igandean korrika egiten bere omenez da; berari egiten diodan omenaldia da. Urte hori izango dut oso presente, nire ama eta bere ausardia eramango ditut nirekin gogoan.
Zure aitak zer dio oraingoan?
Ama ausarta izan zela aitortu du azkenean eta hori ez da gauza makala. Zahartzaroak, batzuetan, malgutasuna dakar eta barre eta negar egin dugu biok elkarrekin elkarrizketa hau egin behar nuela kontatu diodanean.
Garaiak aldatzen doazela argi uzten du zure familiaren istorio honek.
Bai. Aitak lotsaz bizi izan zuen amak lasterketan parte hartu izana, hori zen gizarteak berarengandik espero zuena. Egun ditugun eskubide guztiak besteek aurretik borroka egin zutelako ditugu; lotsarekin edo gabe, baina zailtasunei eta oztopei aurre egin behar zaie, amak 1990an egin zuen moduan.


