Zaintza ardatz hartuta, bizitzaz hitz egingo duen obra dFerian
Antzerki obra baten estreinaldiaren aurretik entsegura joateak badu arrisku puntu bat. Kasu honetan, inondik inora ere; entsegua gelditu, eta lantalde osoa agurtu ondoren, Donostian estreinatuko duten 'Masustondoen patioa'-z aritu gara, plazerez, protagonistekin.
Arte eszenikoen dFeria jaialdiak urteurren borobila du aurten, 30 urte beteko baititu. Aurtengo edizioa martxoaren 11tik 14ra izango da, eta egun horietan estreinatuko da Vaiven ekoiztetxearen Masustondoen patioa, gazteleraz eta euskaraz. Sandra Ferrusek idatzia eta zuzendua da, eta aktoreen artean daude Aizpea Goenaga (Donostia, 1959) eta Sara Cozar (Ordizia, 1980).
Azaldu dutenez, itxuraz behintzat, heriotza da galdera zentrala, baina hori baino askoz gehiago da obra: «Antzezlan gertukoa da, familia konkretu batean kokatua, eta familia baten eboluzioan oinarritua», azaldu du Goenagak. «Bizitzak aurrera egiten duen neurrian, bakoitzak zer paper hartzen duen zaintzan, ze gatazka dauden eta norbera nola kokatzen den; horri buruz hitz egiten dugu», gehitu du Cozarrek.
«Autoerreferentziala»
Sandra Ferrusek idatzi du, eta Cozarrek kontatu duenez, «autoerreferentziala» da obra: «Ez da autofikzioa, ez baita bere bizitza kontatzen, baina baditu oso intimoak diren bizipen eta erreferentziak. Asko du beretik».
Honela gehitu du Goenagak: «Oso pertsonala den tokietatik abiatzen den arren, leku unibertsaletara eramaten zaitu». Goenagaren ustez, denok identifikatuko gara, modu batean edo bestean, pertsonaiekin: «Oso zureak egiten dituzu».
Zaintza erdigunean
Zahartzaroa eta zaintzaren arazoa gero eta presenteago dago gizartean, eta bizitza oso batean zehar nola gurutzatzen gaituen irudikatzen lagunduko du Masustondoen patioa-k. Edonola ere, «errelatoa ez da batere handinahia». Goenagak honela azaldu du: «Samurtasun eta garraztasun handiarekin hitz egiten du. Muturreko egoeran jartzen ditu pertsonaiak, eta bakoitzak aurrera egiten du ahal duenarekin».
«Lorcaren eta Chejoven arteko mundu bat sortu da hemen; baina ez da batere lorcarra. Umore pila bat dago obran, izan ere, umorea beharrezkoa da, oxigenoa da bizitzan», gogoetatu du Goenagak
Obraren erritmoa nabarmendu du Cozarrek: «Flashbackez josita dago, denboran aurrera eta atzera egiten dugu, eta bada denbora magiko bat ere». «Emozio pila bat dago, eta denak oso azkar aldatzen doaz. Guretzat ere eromena da, abiadura handia da, izugarrizko bidaia. Ez zara enteratzen noiz amaitzen den», dio Cozarrek.
Goenagak uste du ikusleari honela gertatuko zaiola, eta «gogoeta horiek guztiak» batera gertatuko direla, eta «etxera joango dela zerbait aldatu denaren sentsazioarekin». Izan ere, aktoreen ustez, askotan ez dugu denborarik eskaintzen ingurura begiratu eta hausnartzeko, «ezta sentitzeko ere».
Obra honen bitartez, beraz, tartea eskainiko zaio horren beharrezkoa den gogoeta bati. «Eta oraingoz, spoiler gehiagorik ez». Obra ikusi nahi duenak Donostiako Antzoki Zaharrean du estreinaldia: hilaren 14an gazteleraz, eta 15ean eta 16an euskaraz.
DFeriak programazio zabala du aurten ere, eta honako ikuskizunak ikus daitezke, baita ere: Together to get there (dantza, estreinaldia Euskal Herrian), Burgos-New York Dantz (dantza, estreinaldia Euskal Herrian), En mitad de tanto fuego (antzerkia, estreinaldia Euskal Herrian), Una (antzerkia, estreinaldia Europan), La classe (antzerkia, estreinaldia estatuan), Flamenco negro (dantza, estreinaldia Euskal Herrian), Macho grita (antzerkia, estreinaldia Euskal Herrian), Nada ni nadie (dantza, estreinaldia Euskal Herrian), Vernos (antzerkia, estreinaldi orokorra) eta A fuego (antzerkia, estreinaldia Euskal Herrian).
Sarrera guztiak dagoeneko salgai daude, Donostia Kulturaren webgunean.