Suteen aurkako prebentziorako udal ordenantza bat aldarrikatu dute
Azkenaldian Parte Zaharreko ostalaritza establezimenduetan izandako suteen aurrean, Parte Zaharreko hainbat bizilagunek manifestazioa egin zuten larunbatean auzoko kaleetatik, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak deituta. Suteen aurkako prebentziorako udal ordenantza bat sustatzeko eskatu zioten udalari.
“Zumeltzegi tabernako azken sutearen ondoren, gure elkarteak erregistratuta daukan hamaseigarrena, publiko egin nahi dugun lehen mezua, ozen eta argi, da Parte Zaharreko biztanleen segurtasuna eta haien etxebizitzena edozein sektore ekonomikoren interes pribatuen gainetik daudela”, azaldu zuen auzo elkarteak. Era berean, udal gobernuaren jarrera salatu zuten: “Eneko Goia alkateak ikuskapenak egiten direla esan duenez, ikuskapenen datuak publiko egiteko eskatzen diogu. Egintzekin froga dezala udal gobernuak suteen aurkako prebentzio protokoloren bat duen. Informazio hori gabe, sinesgarria al da bere hitza? Ez, gure elkartearen ustez”.
Horregatik aldarrikatu zuten suteen aurkako prebentziorako udal ordenantza bat sustatzeko: “Kanpaiak eta ke hodiak garbi mantentzeko dagoen egungo betebehar abstraktutik betebehar zehatz batera pasatzea, urtean bitan haiek garbitzera eta horren ziurtagiria aurkeztera behartuko duen ordenantza batera. Ordenantza bat, instalazioen aldizkako ikuskapenak aurreikusten dituena eta ikuskapen puntualak lokalean obrak egiten direnean, eta suhiltzaileen ikuskatzaileen esku hartzea ere ezarriko duena. Ordenantza bat, erauzketa kanpaiek sua hartzen duten kasurako aspertsoreen jaurtiketa sistema bat, eskuzkoa eta automatikoa, izateko derrigortasuna zehazten duena”.
Horrez gain, Parte Zaharreko bizilagunak deitu zituzten “bizilagun komunitateen bidez, edo bakarka, beren atarien ondoan dituzten establezimendu eta biltegien ikuskapenak eska diezazkioten udalari”. “200 establezimendu hain eremu txikian, kezkatzeko arrazoi nahikoa baino gehiago da, are gehiago udal gobernu honen prebentzio kultura eza ezagutzen dugunean”, gehitu zuten. Era berean, eskerrak eman zizkieten suhiltzaileei egindako lanarengatik, “eurak ere beren lana baldintza egokietan egin ahal izateko bitarteko gehiago aldarrikatzen ari diren une honetan”.
Jarraian, Aratz Garcia Zaldua argazkilariak manifestazioan egindako argazkiak ikus ditzakezue: